KRITIKA. Antzerkia

Moskutik 7.000 kilometrora

Antzezlana film eszeniko gisa planteatu du Alex Gerediagak. ARRIAGA.
Agus Perez.
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun

'Oymyakon. Habitación 101'

Konpainia: Khea Ziater.Jatorrizko ideia eta zuzendaritza: Alex Gerediaga. Eremu eszenikoa: Javi Andraka, Alex Gerediaga. Bideoak: Jesus Pueyo. Jantziaketa eszenografia: Azegiñe Urigoitia. Argiak: Oier Ituarte. Antzezleak: Arrate Etxeberria, Txubio Fdez. de Jauregi, Miren Gaztañaga.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 28.

Munduko leku habitaturik hotzena Siberian dago, Moskutik 7.000 kilometrora, eta Oymyakon du izena. Hiri haren deiturarekin gogoratu omen da Alex Gerediaga Khea Ziaterren gidaria bere azken produktu eszenikoa bataiatzeko, eta Habitación 101 (101. logela) jarri dio gehigarritzat, agian David Lynch, Sofia Coppola eta beste zinemagile askoren bidetik. Izan ere, zineman emankorrak izaten dira hotel eta moteletako gelak, indar dramatikoa sano areagotzen delako haietan, eta bertan gertatzen den guztiak beste dimentsio bat hartzen duelako protagonistentzat arrotzak diren horma eta altzari haien eraginez.

Aurrekoetan bezala, film eszeniko bezala aurkeztu du Khea Ziaterrek estreinatu berri den lan hau, eta argi dago pelikula baten parametroetan kokatuta askoz hobeto preziatuko dugula formula berritzaile honen emaitza. Ez espero, ordea, Moskutik 7.000 kilometrora egotea edo hotel bateko gelan dena gertatzea. Esandako erreferentziak subliminalak baino ez dira, baina lagundu egiten dute eszenan ikusiko duguna hobeto kokatzen: arrazoi batengatik edo bestearengatik, taula gaineko hiru pertsonaiek mundutik kanpo baleude bezala jokatzen dute eta, seguruenik, edozein etxetako lau pareten artean gertatzen da guztia, baina muga fisiko horiek hotel batekoak bezain arrotzak suerta daitezke bizitza jada deseginda duen edonorentzat.

Kasu honetan ere ez da ur txikitan ibili Gerediaga, eta emanaldian zehar gai potolo batzuei ekin die, hala nola endekapenezko gaixotasunei, istripuzko elbarritasunari edota heriotzari berari. Finezia handiz tratatu ditu haiek guztiak, eta era pertinentean argumentuari begira, baina haietan larriena, benetan sendaezina, amodioaren etenaldia izan da, haren amaiera bortitza, edonoren bizipoza ezinbestean akabatzen duena.

Erritmo eszenikoari dagokionez, agian geldotzat jo lezake baten batek, baina kasu horretan hobe pentsatzea zineklub bateko pelikula on baten aurrean gaudela. Bide horretatik, koadro bakoitzak bere esangura osoa hartuko du, elementuen disposizioari, argiztapen emozional diskretuari eta antzezle bakoitzaren jardun neurtuari esker, eta ikuslea harrapatuta geratuko da eszena baten eta hurrengoen arteko lotura argumentalen bilaketan. Gainera, zenbait pasarte filmatu tartekatu dira noizean behin, batzuetan argumentuak behar zituen elementuak emanez eta beste askotan ukitu erdi oniriko erdi psikologikoak gehituz.

Azkenik, esan beharra dago emanaldian zehar akaso ez ditugula mataza horren hari guztiak askatuko, baina bai ariketa formalean bai sakoneko gogoetan asebetetze polita aterako dutela zinema eta antzerkia maite dituzten ikusleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.