Literatura. 'HILABETE BAT MONTALBANOREKIN'

Montalbano ezagutzen

Leire Lopez Ziluaga.
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Egilea: Andrea Camilleri.

Itzultzailea: Fernando Rey. Argitaletxea: Igela.

Andrea Camilleri idazle arrakastatsua da Italian, baita Europan ere. Arrakasta hori ez zuen lortu argitaletxe handi baten sostenguari esker, salmenta handiak dituzten idazle gehienekin gertatzen den bezala. Izan ere, Sellerio argitaletxe txikian argitaratzen zuela iritsi zitzaion arrakasta, 70 urtetik gora zituela, Salvo Montalbano komisarioa pertsonaia nagusi duten lanekin. Lehenago ere argitaratu zituen liburuak, eta gidoilari eta antzerkiko nahiz telebistako zuzendari lanetan ibili zen. Baina 1994an argitaratzen hasi zen liburu multzoak famatu du batez ere. Orduantxe argitaratu zuen Montalbanori buruzko aurreneko lana, La forma dell'acqua izenekoa, eta une honetantxe 28 dira dagoeneko Siziliako Vigata herri asmatuan komisario den Montalbanori buruzko liburuak. Hilabete bat Montalbanorekin sail osoko bosgarrena da, eta 1998an kaleratu zuen. Manuel Vazquez Montalbanek gaztelaniazko edizioaren hitzaurrean dioenaren arabera, liburua «Camilleriren unibertsorako eta haren pertsonaiarako sarbide bikaina da». Ez dut Camilleriren liburu gehiagorik irakurri, eta, beraz, bide egokienetik hasi naizela pentsatu beharko dut. Hain zuzen ere, Camillerik ez du ezkutatzen Vazquez Montalbani dion mirespena: Bartzelonako idazle zenaren omenez izendatu zuen Montalbano italiarrak —eta Montalbano Siziliako abizen arruntenetakoa omen delako—.

Liburuak Montalbanori buruzko 30 istorio biltzen ditu, eta, idazlearen arabera, hilabeteko egun bakoitzean ipuin bat irakurtzeko pentsatua dago. Hainbat motatako kasuak ebatzi behar ditu komisarioak orriotan: maitasunarekin, diruarekin, politikarekin, mafiarekin zerikusia duten delituak dira batzuetan, beste kasu batzuetan deliturik ez dela egon ikusiko du, hainbat ikerketa egin ostean. Askotan egunerokotasunetik sortutako kasuak dira, delitu handirik gabekoak. Istorio laburrak izanik, idazleak zail du harrituko gaituen amaiera bat emateko, eta suspensea sortzeko orri nahikorik ere ez da, gehienetan. Horrenbestez, pertsonaiaren beraren eraikuntzak hartzen du garrantzirik handiena, nire ustez; horrelako sail luze batek pertsonaia sendo bat eskatzen du, eta hemen Montalbanoren hainbat alderdi erakusten zaizkigu, komisario lanetan egindako aurreneko pausoei ere erreparatuz. Kasuz kasu, pista txiki batetik ebazpenetara heltzeko gai den pertsona argia ikusiko dugu, malenkoniatsua, nahiko zakarra bere langileekin. Nabarmentzekoa da bere literaturazaletasuna —aukera duen guztietan egingo du aipu literarioren bat—, baita filmei edo artelanei egindako erreferentziak ere. Gainera, gehienetan, komisarioak irakurtzen dituenak literatura jasoaren barruan sartzen diren idazleak dira —besteak beste, Sciascia, Proust, Musil aipatzen ditu—. Zer pentsa ematen du genero txikitzat jo izan den nobela beltzean literatura jasoa omen dena izatea komisarioak irakurtzen duena. Izan daiteke generoen arteko aldeak deusezteko bide, nobela beltzari duintasuna emateko modu, zuzeneko nahiz zeharkako erreferentziak ulertuko dituen irakurle bat erakartzeko saiakera.

Istorioak gustura irakurri ditut, baina gehienetan apartekoak ere ez zaizkit iruditu, eta uste dut ipuinak hain motzak izateak baduela zerikusirik. Pertsonaiaren aurkezpen moduan funtzionatzen du bildumak, baina genero luzean emaitza hobeak emango lituzkeela iruditzen zait. Ereinek iaz argitaratu zuen protagonista bereko Gauaren usaina, eta jarraipen ona izan daiteke bilduma hau irakurri osterako. Bestalde, nabarmentzekoa da Fernando Reyk egindako itzulpen-lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.