'El limpiador'
Zuzendaria: Adrian Saba. Gidoia: Adrian Saba. Aktoreak: Victor Prada, Adrian Du Bois. Herrialdea: Peru.
Iraupena: 95 minutu.
Aita perutarra eta ama nederlandarra dituen Adrian Saba gaztearen lehenengo lanaren munduko estreinaldia hartu du Donostiako Zinemaldiak. Saba Madrilen bizi izan zen 5 urte bete zituen arte, eta, ondoren, familiak Perura itzultzea erabaki zuen. Zinema ikasketak New Yorken egin zituen, eta bere ekoiztetxe propioa sortzea erabaki zuen 23 urte besterik ez zuela.
Latinoamerikako zinemaren tradizioari jarraikiz, istorio xume eta minimalista baten aldeko apustua egin du egileak. Honelako proiektu bat aukeratzeak dakartzan ondorio guztiak bere gain hartzeko prest agertu da, gainera, eta horrek bere estiloan sinesten duela esan nahi du.
Adibide bat jartzearren, Pablo Stoll eta Juan Pablo Rebellaren Whisky arrakastatsua gogora ekar dezake. Publikoa egunerokotasuneko momentu txiki horien garrantziaz jabetu dadin gura du, eta, horretarako, errepikapena baliatzen du. Zineman errepikapena saihestu egin ohi da, ikuslea ez gogai- tzearren, baina bizitzako gauzarik ederrenak behin eta berriz errepikatzen ditugun horiexek direla aldarrikatu nahi izandu.
Dirudienez, momentu hutsal horien balioaz ohartzeko, zerbait larria gertatu behar da. Horregatik, beranduegi izan baino lehen beharrezkoa da gizarteak eta zinemak ukatzen dien balioa aitortzea. Zuzendariak inkomunikazioa eta bakardadea jorratu nahi izan ditu batez ere, eta, bide batez, egoera apokaliptiko bat imajinatzea otu zaio.
Askoren ustez, aspergarria izango da, zalantzarik gabe, baina filmak badauka bere grazia. Bizitzeko irrika galdua duen garbitzaile baten bizitzak sekulako aldaketa izango du. Baina aldaketa horretaz jabetzea kosta egin dakioke ikusleari, oso modu sotilean iradokitzen baita film osoan.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari berriak
Momentu horiexek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu