'Nefelibata'
Artista: Daniel Tamayo.Non: Bilboko Aire galerian.Noiz arte: Ekainaren 19ra arte.
Zollo etxartean dago Aire galeria, eta bertan 2018 eta 2019 urte bitartean Daniel Tamayo artistak gauzaturiko azken obren bilkura batekin egingo dugu topo. Parajes memorables serietik eratorritako obrak dira, artistak behin eta berriz abiapuntutzat hartu dituenak, ikusgarri ditugun irudi hauek osatu ahal izateko. Eroso eta lasai sentiarazten gaituen ezkutuko espazio honek, Bilboko Arte Ederren fakultatearekin lotuta, beren lana erakutsi eta ezagutzera emateko aukera eskaintzen die bertako ikasle, ikasle ohi, irakasle eta beste belaunaldietako sortzaileei.
Erakusketa indibidual hau Nefelibata izenpean antolatu dute, eta, paretan eskegita dauden koadroen bidez, Tamayok berezkoa duen ikonografia eta iruditegi berezia azaltzen du. Nefelibata hitza, etimologikoki, grezierazko nepheéle (hodeia) eta bát?s-ek (ibiltari) osatzen dute, eta izarrei begira dagoen pertsonari egiten dio erreferentzia; errealitatea modu desberdin batean antzematen duenari, alegia. Errealitatea begiratzeko eta irudikatzeko ezohiko modua igar daiteke Tamayoren koadroetan, zeintzuetan figura, erreferentzia, forma geometriko eta espazioa egituratzeko modu ezberdinekin jolasten den. Aipatu bezala, ikusgarri dauden paisaia fantastikoak Parajes memorables-eko luzapena izango lirateke, bere aurretiko pintura lanak ez bezala, hauek Photoshop bidez egindako paisaiak badira ere. Kontrara, konposizio guztien oinarri gisa, fantasiazkoak diren paisaia eredu bereziak leudeke.
Photoshop bitartez, hau da, baliabide digitalen bitartez egindako diseinu hauek hainbat euskarritan agertzeko aukera eskaintzen dute, hala nola paperean, ehunean, metakrilatoan, egurrean edo bestelako materialetan. Airen erakusten diren materialen artean, egurra izanen da, sartu eta lehengo ikustaldian, antzemango diren materialetako bat; diseinuen inpresioen artean agerian geratzen baitira materialaren beraren ezaugarri berariazkoak.
Diseinu digital hauetan, forma geometrikoen, figura organikoen eta beste elementu batzuen lanketa eta errepikapen ia obsesiboa igar daiteke. Errepikapen ariketa hauen aztarnak espazioan zehar aurkituko ditugun hainbat lanetan antzeman daitezke, eta, konposizio elkarren artean desberdinei batasun bat ematen diete. Halaber, gainazal lau eta irudi geometriko koloretsuak bestelako pop elementuekin ere uztartzen dira, azken horiek fondo gisa txertatuz (esaterako, bi sute argazki diruditenak), edota, gainazal kromatikoekin uztartuz (erlijio pertsonaien eta figura historikoen aurpegien kasuan).
Tamayok, gaur egun, pintura digitala erabiltzen badu ere, gauzatutako konposizio batzuek gogora ekartzen dizkigute aurretiko lanen paisaiak eta iruditegiak. Izan ere, berezkoa duen horror vacui-ari eta konposizioen horizontaltasunari ez die muzin egin; eta indartu egiten da horizontaltasun sentsazioa obrek paretan duten kokapenaren bidez. Alabaina, jasandako bilakaera artistikoaren zantzuak ere igar daitezke, finean, medio ezberdina izanik, digitalki sortutako lanek bestelako sentsibilitate bat bereganatzen baitute azken emaitza den horretan.
Erakusketaren izenburuak gogorarazten digunez, errealitatea irudikatzeko modu diferente baten, errealitatea interpretatzeko eta bizitzeko bestelako modu baten isla ere bada. Tamayok berezkoa duen mundu ikuskera gorpuzteko eta harekin esperimentatzeko osaturiko iruditegi, forma errepikakor, eta espazio egitura desberdinekin gozatu, eta bestelako agertoki batera lekualdatzeko aukera eskaintzen zaigu galerian, egunero zeharkatzen ditugun kale bertsuetan bidaiatzearen sentsazioa izatearekin alderagarria.
KRITIKA. Artea
Molde propioan eginak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu