'Anselmo Guinea (1855-1906). Modernitatearen jatorriak euskal pinturan'
Lekua: Bilboko Arte Ederren Museoa. Noiz arte: maiatzaren 20a arte.
Historiografiak onartzen du modernitatearen lehen zantzuak XIX. mende bukaeran heldu zirelaeuskal plastikara. Denbora gutxian, Guiard, Regoyos, Zuloaga eta Iturrinok bide berriak ireki zituzten; talde horren barruan, albo batera kokatu ohi da Anselmo Guinea (Bilbo, 1855-1906), modernitatearen aldeko prozesutik at. Bilboko Arte Eder Museoak, margolari bizkaitarraren figura eta obra berreskuratu ditu, euskal modernitate piktorikoan izan zuen lekuaren gainean argi egin nahian.
85 lan bildu dira —olioak, akuarelak eta marrazkiak—, horietatik erdia baino gehiago ezezagunak, 1907an Bilboko Elkarte Filarmonikoak antolatu zuen erakusketatik jendaurrean erakutsi gabekoak. Guinearen obraren aitortza ikerketa sakon baten ondorioa da, eta harekiko zorra kitatzera dator. Txalotzeko ekimena duda barik, museoak daukan helburu zientifikoarekin bat baitator.
Bilbon ikasi zuen Guinea gazteak, segituan Madril eta Erromara joan-itzuliak egiteko. Genero eszenak eta izaera errealistako paisaia argitsuak —zeru bikaineko Deustuko Erribera, Abra zein Bakioko hondartza—, pintura orientalista —mairuak eta odaliskak— eta historizista —Gernikako Juntetxetik datorren Jaun Zuria Bizkaiko independentzia defendatuz (1882) arranditsua, galdutako foruen kutsu mitikoko gorazarrea—, eta lagunei eginiko lanak landu zituen, baina bereziki eszena kostunbrista konplexuak, baserritar eta arrantzale euskaldun eta italiarrak protagonista dituztenak, horien artean Capriko oroitzapenak (1884) eszena detailetsu eta deigarria, argiaren sartu-irtenak bikain islatzen dituena.
Berriro Bizkaian kokatua, euskal kostunbrismoari ekin zion, bildumazaletasun pribatuari erantzunez, Erroman ikasitakoak etxeko munduari aplikatuz. Segituan, baina, pinturaren azken ekarpenekin zetorren Guiarden eragina pairatu zuen, modu lotsatian postulatu inpresionista eta naturalistengana hurbilduz. Idilioa Arratian (1889) dugu, konposaketa eta XIX.eko gaiak lantzen dituen pinturan paisaia eta zeru inpresionista zantzuak sartuta, aldaketa horren abiapuntua. Berritasunak ezagutu guran, hiriburu frantsesera joan zen bi aldiz, 90eko urteetan; han, pintura argitsuagoa eta fluidoagoa egiten zuen. Euskal artisten zirkuluan mugitu zen Guinea; Zuloagarekiko harremanak ireki zizkion, batez ere, behe auzoetako mundurako ateak.
Bilbora bueltan ibaiaren eta inguruko jarduera humano tradizionala erretratatu zuen, lan batzuetan Guiarden atmosfera urdin argia berenganatzeraino. Puntillismoa agertzen duten erretratu eta paisaiak ere ikus daitezke erakusketan. Alta, industrializazioa nabaria izan arren, nekazaritzari lotutako ikuspegiarekin jarraitu zuen Guineak, eta 1896tik aurrera ebokazio arkaikodun Arratiako ibarrean lan egiten hasi zen, landatar existentziarekiko eta bertako sentimendu erlijiosoarekiko erreakzio goraipatzaile eta nostalgikoa agertuz, Kristaua! (1897) lan monumentalean, kasu.
Mende aldaketa garaian itsas gaiak eta estropadak, zein bestelako euskarri eta teknikak landu zituen. Horren adibide ditugu Diputazioko Palaziorako eta Ramon de la Sota enpresa gizonaren jauregirako gauzatu mural eta beirateen diseinu alegorikoak, batzuk ederrak oso, kutsu modernista edota japonizatzailedunak. Erromara eginiko azken bi txangoetan, italiar kostunbrismora eta errealismo sozialera bueltatu zen Guinea, 51 urterekin hil baino lehen.
Pintore arrakastatsua gaztarotik, hainbat enkargu jaso zituen, eta pintura erakargarria, polita, garaiko merkatuan ondo saltzekoa, gauzatu zuen. Esperimentalen ageri denean ere, konposizio eta akabera zaindua, zentzu narratiboa eta kutsu anekdotikoko birtuosismo delikatua ez du galtzen, eta beti teknikoki akasgabea agertzen zaigu. Marrazkilari eta kolorista trebea, kalitate plastiko nabarmena du, zenbaitetan zerbait bakarra, berezia lortzeraino, nahiz eta askotan arima, indarra, falta zaion, agian ez duelako sekula akademizismoa erabat uzten.
Mende aldaketako pintore nabarmena dugu Guinea, gutxi aztertua eta topikoetatik aldenduz errebisioa behar zuena; baina modernitatearen jatorriaren inguruan kokatuta ere, ezin esan genezake aldakuntza estetiko baten gidari izan zenik, aldaketa ezagututa neurri batean eta modu geldoan bereganatu zuen pintorea izan zela baizik. Modernitatearen aldeko apustuan erdibidean dago; tradizioa bere egiten du, berritasunak modu neurritsuan bereganatzen ditu, eta eboluzio geldo eta kontserbadore bati bide ematen dio.
Oro har, mostra interesekoa dugu, euskal plastikaren historiografiari ekarpen aipagarria, ondare artistikoa katalogatu eta jendearen eskura jartzeko helburua ondo betetzen duena, eta aldi berean modu neurritsu eta egokian atondua egonik, ikusteko atsegina.
Kritika. Artea
Modernitate kontserbadorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu