Virginia Woolfen Farorantz eleberria 1997an argitaratu zuten euskaraz lehen aldiz. Orain Anton Garikanoren itzulpen berritua kaleratu dute Elkarren Urrezko Bibliotekan. Bere garaiko eleberrigile aipagarrienetakoa da Woolf, eta emakume gisa bide-urratzaile garrantzitsua. Modernismoaren urrezko hamarkadan, 1927an, argitaratu zuen Farorantz. Funtsean, familia batek Eskoziako uharte batera egindako bisitak dira eleberriaren aitzakia; baina, egiazki, familia eta lagunarte horren bizimodua kontatzen zaigu.
Gizakumea ez dabil zoriontasunaren bila, esan zuen Nietzschek, baizik ingelesak. Bilaketa etsian dabiltza Woolfen pertsonaiak: «Zorionak ez zuen irauten», pentsatzen du Ramsay andreak; «Beste inork baino gehiago merezi omen zuen hark zoriona», irakurriko dugu erditzean hildako Prue Ramsayri buruz. Bizitzaren gogortasuna eta pertsonaren bakardade esentziala agertzen dute pertsonaiek, baita harremanetan sartzeko zailtasuna ere. Pertsonaien portaeran eta pentsamenduan ikusten dugu hori, baina baita inguruaren aldaketetan ere, hainbat elementu sinbolikok islatzen baitu pertsonaien izatea: urte-sasoi aldaketek, etxearenak, Lilyren margolanarenak, eta abarrek.
Formalki oso landua da. Batetik, denboraren trataera berritzailea dago. Tenpoa oso mantsoa da, baina baita aldakorra ere: lehen atal luzeak egun bakarra irauten du, bigarrenak —laburrenak— hamar urte, eta azkenak berriz egun bat; eta denboran aurrera eta atzera ibiliko gara etengabe, unearen eta oroitzapenen artean zabuka.
Bestetik, pertsonaien barne-munduaren garrantzia dago. Errealitate hautsia islatzeko krisi betean, Dostoievskiren errealismo psikologikoa mugara eraman zuten Joycek eta Woolfek —abangoardien loraldian gaude—, eta hemen garrantzitsuagoa da pertsonaien barrua gertaeren haria baino. Pertsonaia fokalizatua etengabe aldatzen da, eta, narratzailea guztien barruan sartzen denez, ikuspegiak pilatuz doaz; irakurlea pertsonaia batetik bestera dabil, portaera eta harreman zertzeladaz beteen zurrunbiloan. Eta nobelak ez du asko falta zurrunbilo esperimental horrek hondora dezan, baina puntaren puntan eusten dio.
Pertsonaien barne-mundua kontaeran ere islatzen da: pentsamendu ordenatuaren eta trumilka sortzen den barne-bakarrizketaren arteko diskurtsoa, zehar estilo librea —agian historian parerik ez daukana—, parentesiak, esaldi luzeak, eta abar. Estiloa, oro har, poetikotasun apartekoa da: ezer gertatzen ez denean ere, adibidez gau geldian, Woolfen begia adi dago inguruaren deskribapen inpresionista zoliak egiteko. Estilo hau erronka latza da itzultzailearentzat, eta, nire ustez, txalotzeko lana da A. Garikanorena.
Hitz batean, Farorantz eleberri ikaragarria da. Bai kalitateagatik bai nobelagintzari ekarri zion modernitateagatik, literaturaren historiako esanguratsuenetako bat da —gehitu horri emakumearen begiradari eman zion indarra—. Akaso gaurko irakurleontzat ez da idazle erraza, mantsoa eta psikologikoa baita, eta idazkera konplikatukoa. Baina tonua harrapatzeko lana hartuz gero, gozamen literarioa ziurra da.
'Farorantz'
Modernismoaren faroa
Egilea: Virginia Woolf. Itzultzailea: Anton Garikano. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu