'Hamaika amaren seme (alaba)'
Konpainia: Doke. Egilea: Jose Mari Velez de Mendizabal. Zuzendaria: Vene Herrero. Musikagilea: Sabin Salaberri. Pianista: Idoia Asurmendi. Txalapartariak: Jesus Larrañaga, Jose Luis Zalakain. Eszenografia: Iñigo Arregi. Dokekideak: Mariasun Pagoaga, Maider Alzelai, Xabi Latorre, Izaro Aretxaga, Miren Aretxaga, Miren Altuna, Larraitz Arriolabengoa, Teresa Arriolabengoa, Idoia Asurmendi, Leire Elejalde, Maia Villalba. Lekua: Oñatiko Santa Ana aretoa. Eguna: Azaroak 23.Mitologiaren arotik zientziaren arora igaro da euskal gizartea azken ehun urteetan, eta aurten ere egin du bere mendea Eusko Ikaskuntzak. Esanguratsua da bi gertakarien arteko paralelismoa, eta saihestezina zaigu geure buruari galdetzea zientzia, jakituria eta ikerkuntzaren gidaritza hainbatetan eraman duen elkarteak noraino ikertu eta noraino gidatu duen gizartearen bilakaera naturala.
1918an fundatu zen Eusko Ikaskuntza, Hego Euskal Herriko lau diputazioen laguntzaz eta Arturo Campion bere lehen ohorezko presidentea zela. Oñatin (Gipuzkoa) gertatu zen funtsezko jaiotza hura, eta Oñatin estreinatu du Arrasateko Doke antzerki taldeak —asmoz eta jakitez estreinatu ere— sozietate haren enkarguz egindako antzezlana.
Ez da nolanahiko erronka burrunbaren gizartean diskretu jarduten duen instituzioaren ehun urteak laburbiltzea, eta nago xede horretarako bi bide zeudela gutxienez. Errazena zen erakundearen kontakizun linealari jarraitzea, dataz data eta egitatez egitateko bidetik zintzo-zintzo ibilita, eta kontrako muturrean egongo litzateke esparru guztiz libre eta metaforikoetan sartzea, horrek ekar litzakeen balizko gaizki-ulertuak eta batzuen haserreak tarteko.
Jose Mari Velez de Mendizabalek erdiko bidea hautatu du, nik uste, eta testuan zehar mitologiako pertsonaiak eta kontakizunak, gertakari historikoak eta parabolak tartekatu ditu, gaiak berez lekarkeen hagiografia kutsu astuna arindu nahian. Vene Herreroren zuzendariaren hautua, baita ere, bide beretik etorri da, elementu eszeniko bakoitzari bere esangura emanez, eta denen arteko kohesio esanguratsua bilatuz. Alde horretatik, aipatzekoak dira hasierako txalaparta eta geroko piano-musika, gorputzik gabeko jantziek hartu duten dimentsio sinbolikoa eta, nola ez, film zaharren proiekzio hautatuak. Era berean, aipatzekoa da antzerki-dokumental honetan integratu diren Aramaioko gazte batzuen parte-hartzea, haiei esker lortu den koru-efektuak babes eszenikoa eman baitie Eusko Ikaskuntzaren bizitza irudikatzen zuten hiru pertsonaiei.
Bestetik, aipamen berezia behar du Iñigo Arregiren eszenografiak, estreinaldiko eszenatokia txiki geratu arren jatorrizko diseinurako. Artistak dioen bezala, bere paneletan «bide-gurutzeak, mendiak, espazio infinituak gurutzatu eta leku antagonikoetara bideratzen dira», eta koloreek ere beren esatekoa izan dute: beltzak Eusko Ikaskuntzak eta euskal gizarteak bizi izandako garai latzak adierazteko, grisak gaurko axolagabekeria irudikatzeko eta tonu argiak esperantzaren omenez. Azkenik, izenburua bera da esanguratsua. Azkuek jasotako kanta baten hasiera dakarkigu gogora eta, azken karlistadari aipu eginez, «Hamaika amaren seme dolorez haziak eraman beharko ditu oraingo auziak!» esan ostean, honela dio erdiko aldean: «Hilak hilagatikan, aurrera biziak!»