Badira literatura lan batzuk (eta horien artean XIX. mendeko ez gutxi) obratik harago hedatzen direnak, eta denboraren poderioz mito literario bihurtzen: Frankenstein, Dracula, Dorian Gray... Berebiziko eragina dute liburutik kanpo, eta barru-barruraino sartu dira herri kulturako hainbat eta hainbat adierazpidetan. Jekyll eta Hyderi dagokienez, gurean ez dugu urrutira jo beharrik erreferentzia bila, hortxe baitugu Gu ta Gutarrak taldearen Dr. Jeiki eta Mr. Jai kanta, zeina uste baino askoz ere gertuago baitago Stevensonen nobelatik.
Zalantza dut, baina, halako mito literarioen hedapen izugarriak ez ote dien kalte egiten jatorrizko lanei, edo behintzat lan horien irakurketa garaikideari. Izan ere, mito literarioa ezagutzen duen egungo irakurleak badauka nolabaiteko espektatiben zerumuga bat ezarririk obrari berari ekin baino lehen, eta, gehienetan mito horiek sorturiko espektatibak ez baitatoz guztiz bat obrarekin berarekin, badago halako desengainu puntu bat nobela leitzean, zeinak ez baitu zertan izan zerikusirik obra atseginez irakurtzearekin. Nago antzeko zerbait gertatzen zaiola Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia honi; izan ere, neurri handi batean, nobelaren argumentuaren giltzarria zera da, argitzea norainokoa (edo nolakoa) den Jekyllen eta Hyderen arteko lotura. Eta, mito literarioa ezagutzen duen irakurleak jada jakin ohi duenez hori, nobelaren intrigazko bulkada pixka bat apaldu egiten da. Horrek ez du zertan irakurlearen esperientzia kaskartu, baina eragina dauka halabeharrez, batez ere ikus-entzunezkoek spoiler delakoen izu kroniko bat injektatu diguten honetan.
Nolanahi ere, merezi du nobelan arretaz erreparatzea nola garatzen den Hyde/Jekyll binomioa, hasiera-hasieratik aurkeztua eta nobelak aurrera egin ahala gero eta estuago txirikordatuz doana. Txirikorda hori da argumentuaren akuilu nagusia, eta, nagusiki intrigan edo misterioan bermatzen den arren, dotore lotua dago, hasi eta buka, efektu horiek gabe irakurtzeko ere.
Utterson jauna dugu narratzailea; Jekyll doktorearen laguna da, eta lekuko modura kontatzen dizkigu bere inguruan gertatzen direnak, Hyderen misterioaren ingurukoak. Halako narratzaileetan sarri gertatzen den bezala, hainbat baliabide daude kontalariaren ikuspegiaren hertsadura gainditzeko: beste pertsonaien testigantzak, eskutitzak, mezuak... Guztiak ere Utterson jaunari artez edo moldez iristen zaizkionak, eta fin josiak, bai bere ikuspegi pertsonalarekin, bai gertakarien joanarekin.
Nobelan intriga eta misterioa dira nagusi, eta, joaira horretan, nortasunaren bilaketa dugu gai nagusietako bat, Jekyll eta Hyde bikotea ardatz. Badira, baina, beste hainbat gogoetagai ere, guztiak XIX. mendeko pentsaerak bere-berezko dituenak: gaizkiaren eta ongiaren arteko dikotomia antigoaleko bezain ahaltsu bat, aurrerabide zientifikoekiko lilura (eta horren barruan psikiatria gaiei buruzkoa)... Elementu guztiak girotze gotiko eta kasik fantasmagoriko batean jasoak eta Stevensonen prosa dotorean emanak, zeina orobat dotorea eta fina baita Koro Navarrok euskaraz eman digun ale honetan.
Literatura. 'Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia'
Mitoak mito
Idazlea: Robert Louis Stevenson. Itzultzailea: Koro Navarro. Argitaletxea: Erein.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu