KRITIKA. Musika

Mito eta kito

Arkaitz Mendoza.
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun

EuskadikoOrkestra Sinfonikoa

Zuzendari eta biolinista: Pinchas Zukerman. Egitaraua: Ludwig van Beethovenen 'Biolinerako kontzertua eta Anton Dvoraken 8. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Martxoaren 8a.

Biolinaren munduan mito handia da Pinchas Zukerman, hamarkada askotan arku instrumentuetako adituentzat gida izan den musikari handia. Duela bi urte, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren denboraldia ezagutu zuen bakarlari gisa, eta utzitako zapore onak berriro ere ekarri du gure agertokietara: erabaki guztiz erraza zuzendaritza artistikoarentzat. Funtzionatzen duen produktu bat berriz ere ekartzea arriskurik gabeko aldez aurreko garaipen on bat baita.

Baina, oraingo honetan, Zukermanek berak zuzendu nahi zuen orkestra. Biolinista lanarekin aspertu ez, baina, urtetik urtera munduko izar handi sentitzen direnean, izarrek beren burua erronka berrietara bideratzeko beharra sentitzen dute. Erabaki logikoa kasu batzuetan. Hala eta guztiz ere, erretiroa hartzen duen goi mailako futbol jokalari batek bezala, edonor ez da entrenatzaile on bat izateko gai; ideia onak izan ditzake, baina karisma eta lidergoa izan behar dira, eta, arazo puntualetan, teknika argudioak bereziki ikasi behar dira. Zukermanen kasuan, Hannah Perowne kontzertinoaren lana goraipatu behar da, podiumetik zetozen akats asko gainditu baitzituen emakume liderrak. Orkestra guztia Perowneri begira; berak zuen giltza une oro, eta, bitartean, Zukerman jolasean bere arku batutarekin.

Mito eta kito. Zalantza tantarik gabe gozatu genuen Ludwig van Beethovenen Biolinerako kontzertua. Ez da teknikoki zailena, baina gardenena bai; milaka eskala gora eta behera, akorde osoak, biolineko goiko posizioetan gauzatzen diren pasarte ugari, eta, batez ere, energia bereziko interpretazioa dakarren partitura. Zukerman zoragarri aritu zen, EOSeko entzulerian aparteko isiltasuna lortuz. Sentsazio miragarri bat bizitzen ari ginela antzeman genuen. Haize egurra kokaleku berezian, ezkerretik eskuinera flauta, fagotak eta klarineteak, eta oboeak, berriz, fagotaren eta klarinetearen erdian txertatuta, orkestrarentzat laguntza interesgarria izanik.

Jarraian musika txekiarra iritsi zen Anton Dvoraken bitartez; hemen denetarik pasatu zen Zukermanen batuta jolasaldian. Soinu oreka falta tronboi taldearen garrasiei esker, haize eta hari instrumentuak bide zuzenetik aldenduz, Perownek konpondu ezin zituen akatsak. Baina Zukerman musikari petoa da, eta, edonola ere, orkestra sentikor entzun zen. Musikariak gustura zeuden mitoaren aginduetara, eta hori eskertzekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.