'Crocked house'
Zuzendaria:Gilles Paquet-Brenner. Aktoreak: Max Irons, Stefanie Martini, Glenn Close, Terence Stamp, eta Gillian Anderson.Berriki, Murder on the Orient Express klasikoaren bertsio berria ikusteko aukera izan dugu, Kenneth Branaghen eskutik, eta, orain, Crooked House hau ailegatu zaigu. Nonbait, Agatha Christie idazlearen lanak ez dira sekula desagertzen gure unibertso zinematografikotik, sortzailearen unibertsoak segitu nahi baitu misterioaren kontzepzio bat elikatzen.
Gilles Paquet-Brennerren pelikula honen alde zerbait ona esaten ahal da: Christieren lan ezezagun samar bat ezagutarazteko balio izan duela. Hortik aurrera, batere ekarpenik ez Christieren gaineko filmografia zabalean, ezta girotze aristokratikoa duten pelikulen zerrenda luzean ere. Berezitasunik gabe, distirarik gabe, zuzendariaren lanak mekanikotik du asko, eta ezin esan pasioa denik proiektuaren azken emaitzak transmititzen duena.
Casting-arekin arazo handi samarrak ditu Crooked House honek. Batetik, garai bateko aktore ezagunak elkartu ditu paper batzuei nolabaiteko erakargarritasuna eman nahian, baina Terence Stamp, Glenn Close eta Gillian Anderson ez daude jada halako film batean beren onena emateko prest eta pilotu automatikoa jarrita egin dute agindu zaiena.
Are larriagoa da protagonista nagusiarena. Poirot edo Marpleren aldean, batere karismarik gabeko pertsonaia agertuko zaigu pantailan. Bulego ilunean Mike Hammer izan nahi du, baina karakterizazio hori ez da batere sinesgarria. Etxetzarrean batera eta bestera ibiliko da, ateak ireki eta bertakoek zer kontatuko dioten zain, beti berandu, beti motel.
Badira pelikula are gehiago itsusten duten kontuak: espioitza trama zentzugabea, detektibearen aitaren erreferentziak, pertsonaia azalekoak, maitasun istorio baldar bat... Zerrenda gehiago ez luzatzearren, filmak izaten ahal duen pizgarri bakarra (liburua irakurri ez duenarentzat) da hiltzailea nor den asmatzen saiatzea.