KRITIKA. Artea

Miren, Gema, Iñaki, Idoia eta Alberto

Donostiako Tabakaleran dagoen Arenzana Imaz Intxausti Monton Peral erakusketako pieza bat. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2016ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

'Arenzana, Imaz, Intxausti, Monton, Peral'

Non: Tabakalera, Donostia. Noiz arte: Apirilaren 3ra arte.

Arenzana, Imaz, Intxausti, Monton eta Peral. Bost abizen dira, bost abizen hurrenkeran idatziak. Hemen ez dago inolako amarru, trikimailu edo hitz-jokorako tarte edo abagunerik, ez izenburuan behintzat. Bost abizen, bost izen itzalpean; bost pertsona, eta bost artista haien izenpean.

Erakusketa kolektiboa, baina norbanakoen izate eta praktikaren indibidualtasunari hertsiki loturikoa da era berean. Izenburuan aurkezten den indibidualtasun hau, gainera, erakusketan bertan are eta gehiago hedatuz eta zabalduaz doa, besteak beste, aretoen izkinetan, artista bakoitzari dagokion txokoan, beren izen-abizenak tamaina handiko binilo beltzez idatzirik ikus baitaitezke. Argi eta garbi antzeman daiteke artista bakoitzari dagokion txokoa, lekua, posizioa; bai espazioarekiko, baina baita dialektikan, beste artistekiko ere.

Kokapen eta posizio jakin horiek agian espazioaren beraren ezaugarrien baitakoak dira, alegia bertako ate eta leihoen kokapenagatik, edo artista bakoitzak lan egiten duen formatu jakinek ere zer ikusia izan dezakete horretan. Dena den, bisitarien begiek berehala hautematen dute erakusketa nolabaiteko binomioen baitako erlazioetan oinarriturik dagoela: areto batean, ekoizpen berriak; bestean, lan historikoak; alde bateko horman, eskulturak eta instalazioak, eta bestean, berriz, pinturak. Ezberdintze horiek tentsioak sortzen dituzte, artista bakoitzaren lekua, posizioa are eta finkoagoa eta hermetikoagoa bilakatuz -agian horretarako benetako beharrik gabe-, eta posizionatze horiek direla eta, bai areto bateko eta bai besteko hizketa norabideak ere, bere horretan, estetiko eta hermetiko diraute.

Hala ere, bada beste erlazio bat, dirudienez erakusketa honen bidez arrakastatsu bilaka litekeena: instituzio eta publiko zabalaren arteko erakarpenarena, hain zuzen ere, Tabakaleraren hasierako asmoetariko bat litzatekeena. Kontsumitzeko erakusketa erraza da, testu gehiegirik gabea eta, batez ere, euskarri tradizionaletako artelanak dituena erakusgai: pintura eta eskultura, batez ere. Bestetik, artista guztiak bertakoak dira, hemengoak, —halakorik esan baliteke—, eta onartu behar dugu eusko labeldun produktuek erakarpen indar handia izaten jarraitzen dutela gurean. Dena den, beti da interesgarria, kanpoko artisten erakusketak eta lanak ikusteko aukera izateaz gain, bertakoek ere aretoetan lekua izatea, geure inguruan jazotzen denaren erakustoki lanak eginaz. Eta horretan, kronologikoki bereizita dauden aretoak lagungarriak dira; nahiz eta garai historiko bakoitza zatitze iragazgaitz moduan azaldurik egon, segituan nabarmentzen baita, areto batetik bestera mugitu ostean, artista bakoitzak jasandako bilakaeraren nolakotasuna.

Nahiz eta bost artistak Leioako Arte Ederren Fakultatean ikasiak eta ondoren Donostiako Arteleku zenetik igarotakoak izan, beren lanaren formalizazioek gutxi dute zer ikusirik elkarren artean. Euskal Eskultura Berria zeritzonaren ildoarekiko alternatiboa izan da beren lana, itxuran behintzat euskal tradizio formalarekiko apurketa bideratuaz, baina norberak bere eran. Arenzanaren lanek eskultura eta diseinuaren arteko mugetan dihardute dantzan; Intxaustiren kasuan, berriz, garbiketako zapien bidez buruturiko lanetatik hasi eta arte kontzeptualarekiko hurbilago dauden proiektuekin darraio; Imazek pintura abstraktua jorratzen du indibidualtasun eta kolektiboaren arteko eremu grisetan; Montonenak, ordea, errealitatea aztertzeko prozesu gisa uler daitezke, eta Peralen eskulturetan, berriz, forma eta materialen ikerketa lantzen da, zeinetan fintasunaren bilakaera nabarmentzen den.

Badirudi azken urteetako euskal artisten izen handien itzalpean ez dela beste ezer ere garatu, ez dela lur emankorra izan honako hau, benetako izena lortu bitartean, maiz euskal instituzio gehientsuenek bertako artistei bizkar ematea hain ezohikoa izan ez delako. Tabakalerak, horren aurrean, aukera berri bat eskaintzeko promesarekin ireki zituen ateak, hurbileko testuinguru artistikoari bultzada ematekoa, hain zuzen ere, eta badirudi hala egiten hasi dela, aukera berriak eskainiz ez soilik artistei —lanak erakusgai ipintzeaz gain produkzio berriak gauzatu baitira oraingoan—, baizik eta baita herritarrei ere, gure testuinguru artistikoan jazotzen denaren berri eman eta gertaerokiko hurbilketa kritikoa egiteko aukera eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.