Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Minimoen maisutasuna

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun

'Pororoca'



Zuzendaria: Constantin Popescu. Aktoreak: Bogdan Dumitrache, Iulia Lumanare, Costin Dogioiu, Stefan Raus, Adela Marghidan.Herrialdea: Errumania-Frantzia. Iraupena: 152 minutu.

Posible al da bizpahiru osagarri arrunt eta xumerekin bi ordu eta erdiko pelikula interesgarri bat osatzea? Bai, behin jakinda nola. Constatin Popescuk ondo baino hobeto daki, eta guri erakutsi digu, xumeki. Ume desagertuen nonahiko generotxoari heldu, eta bere thriller psikologiko ezohikoa sortuz, maila goreneko emaitzarekin.

Harrigarria benetan, kontuan izanda gure aurreiritziak —Zinemaldiko gidaliburua eskuetan— bere aurka jokatzen zuela. Hau da sinopsia, copy-paste: «Cristina eta Tudor Ionescu senar-emazteek familia zoriontsua osatu dute, bere bi seme-alaba Maria eta Ilierekin. Senarrak telefono-konpainia batentzat lan egiten du; emaztea kontularia da. Bikote-bizitza arrunta daramate seme-alabekin. Egun batean Tudorrek parkera eramango ditu eta Maria desagertu egingo da». Magikoa, ezta? Larunbat arratsaldean sofan etzanda ikus daitekeen telefilm mimetikoa.

Eta ez sinopsiak bakarrik, gainontzeko elementuek ere ikara ematen dute: bi ordu eta erdiko iraupen luzea, pare bat aktore ezezagun, trama ikusezina, elkarrizketa minimo eta hutsalak, milaka aldiz jorratu izan den gaia, plano zabal eta luzeak, produkziorik xumeena, eta, ni gehien harritu nauena, ez du musikarik. Tramarik gabeko thriller dramatiko luze bat musikarik gabe!? Sinestezina, ezbairik gabe.

Bada, hala eta guztiz ere, Popescuk ikuslearen arreta mantentzen du minutu horietan guztietan. Sekulako eszenaratze inteligentea erabiliz, generoaren klixe hollywoodiarrak ukatuz, filmaren azpitestua eta tonua guztiz menperatuz. Harrigarria da kameraren eta enkoadraketaren erabilera eraginkorra, maisutasunez eta sinplifikazioz planifikatua. Bai kanpoaldeko eta baita barrualdeko plano-sekuentzia zabalek ere, ikuslearen arreta osoa bereganatzen dute, tableau vivant-en modura, ia lehen planorik gabe. Gu ere protagonistak eta vouyeurrak sentituko gara beraiekin batera, koadroan gertatzen diren istorio paraleloetatik nahi duguna jarraituz. Dena da naturalista, eta, aldi berean, otzandua.

Benetako pertsonaiak, egiazko sentimenduekin eta primeran antzeztuak. Hori da familiaren hondoratze prozesu egiantzeko honek eusten duena. Nader and Simin (A Separation) film gomutagarrian bezalaxe; eta honek ere saritua izatea merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.