Literatura. 'Hondamuinean. Sei hilabete geroago'

Minari galdezka

Egilea: Zerocalcare. Itzultzailea: Koldo Izagirre. Argitaletxea: Farmazia beltza. Generoa: Komikia.

2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Sareetan azkenaldion dabiltzan meme horietako bat datorkit burura lerro hauek idazten ditudan bitartean: ikaratu itxurako haur bat, bere logelan, Telettubiez inguratuta. Haurrentzako eszena berrirakurria agertzen da, panpina bakoitzari idazkun batek laguntzen baitio, 2020. urterako datozen beldurrak irudikatzen dituztenak. Ironia apur horrek haurtzaroko irudia helduarorako ere balioztatzen du. Antzeko sentipena izan dut Zerocalcare [Michele Rech] ezizenez ezaguna den irudigilearen Hondamuinean. Sei hilabete georago komikia irakurtzean— euskaraz duela hilabete batzuk aurkeztu zen, Farmazia Neltza argitaletxeak argitaratu du, eta Koldo Izagirrek egin du itzulpena—. Rechen marrazkietako estetika freskoak baliagarri egiten die tarteko adineko gazte batzuen eguneroko bizitza kontatzen duen testua irakurle helduenei, baina baita gazteagoei ere.

Marrazkigile best-sellerrak bere alter egoaren eta lagun-kuadrillaren eguneroko bizitza irudikatzen du lan honetan; eta, egilearen beste liburu batzuetan bezala, protagonistaren lagun diren hainbat pertsonaia animalia itxurarekin agertzen dira; horiek, norbanakoaren kontzientzian eragiten duen sentimendu toxikoak irudikatzen dituzte. Italiarra ezaguna egin zuen Armadilloaren iragarpena [La profezia dell'armadillo] lana aurkezterakoan, egileak argitu zuen animalia horien presentziaren zentzua, beraren kontzientziaren irudikapen gisa aurkeztuz; bere baitara itzultzen den animalia, beraz, era metaforikoan baliatzen du.

Horri gehituz, Hondamuinean ale honetan, istorioa bi planotan banatzen du egileak, batetik, dagoeneko aipatu den lagun taldearen eguneroko bizitzaren narrazioa egiten den plano nagusia dugu; bestetik, onirismotik gertu dagoen planoak—Zerocalcareren beraren literatur-lan bat irudikatu dezakeen planoa?—, zeina plano nagusiarekin elkarrizketan osatzen baita, mundu fantastiko batean gauzatzen den istorio paralelo batek osatzen du. Bigarren mailako plano horretan ere, alegoria moduko bat osatzen da lehen planoko pertsonaiak bigarren plano horretan objektu bilakatuz; horrela, tramaren garapenarekin batera, egileak laguntasunari buruzko irakaspen bat plazaratzen du amaieran.

Izan ere, azken batean, lana maitasunaren apologia bat da: testu nagusiaren trama eduki politikoz osatua dela esan daiteke, azken krisi ekonomikoaren eraginei nork bere aldetik erantzuten dion lagun talde bateko kideak baitira protagonistak. 178. orrialdean esaten den gisan: «80ko irakaspenetan hazi [zirenak], pairamena, engaiamendua, altruismoa, elkartasuna, indarra-beharrezkoa-denean-soilik» erabiltzen ikasi zutenak, baina ahaztu dutenak. Balio horiek berreskuratuz konponduko dituzte beren arazoak berriz lagunek.

Lan karikaturesko, bare eta dibertigarri honetan, minaren zentzura gerturatzen da Zerocalcare, eta erantzun optimista, baina ez, halabeharrez, xaloa, lortzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.