Birusen garai hauetan, agian komeni zaigu aitortzea ezer gutxi dakigula izaki mikroskopikoei buruz, izenetik aparte. Liburu honen irakurketak lagun gaitzake argi pixka bat egiten, gure inguruko haurrekin batera.
Liburua handia da (30x30 cm). Ilustrazioek orrialdeak edota orri-biko osoak hartzen dituzte, eta testua irudien gainean eskaintzen da (sei-hamar hitzeko lerroak, sei-hamar lerroko azalpen sortak).
Ilustrazio xaloek haur txikiekin lantzeko obra dela iradoki lezakete, baina inpresio okerra da. Forma neutroak eta irudi aseptikoak Montessori ildoko eskolaren eragina dira, liburuak dituen beste ezaugarri asko bezalaxe.
Testua aski konplexua da gutxienez 8 eta 12 urte bitarteko haurrekin lantzeko, bertako mamia barneratuko badugu. Esaterako, dimentsioak eta kopuruak (bilioi, mikroskopiko...) zein erkaketak («ehun aldiz bakterio gehiago aurki ditzakegu zure larruazalean Lurrean gizakiak baino»), kontzeptu abstraktuak (eboluzioa, alergia...) zein fisikoak (hortzetako esmaltea, antibiotikoa...).
Laburbilduz, abiapuntu interesgarria da, ondoan bestelako informazio iturriak eskatzen dituena (Txikipedia...).
Haur eta gazte literatura. 'Nire mundu txikia'
Mikrobioak
Idazlea: Emmanuelle Houssais. Ilustratzailea: Emmanuelle Houssais. Itzultzailea: Aztiri. Argitaletxea: Ttarttalo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu