Luis Candaudap
Erakusketa: 'El soldado en la espesura'. Lekua: Lumbreras galeria. Bilbo. Noiz arte: Otsailaren 12ra arte.Juan Manuel Lumbreras galeriak urtea azken hamarkadetan euskal arteak eman duen margolari ezagunenetako baten azken lanekin hastea erabaki du. El soldado en la espesura izenburupean biltzen den lan multzoak Luis Candaudap artista bilbotarraren azken artelanak aurkezten dizkigu, eta Henao kaleko espazioak dituen bi solairuetan olioaren, akrilikoaren, collagearen eta akuarelaren bitartez sortutako artelanak ikus ditzakegu. Formatu aldetik 4 metro luze duten lanak 10-20 zentimetro artean mugitzen diren hainbat akuarelekin nahasten dira, erdi bidean gelditzen diren hainbat lanekin batera. Guztira 150 lan baino gehiago zabaltzen dira paretetan, nahiz eta horietariko asko, collageek osatzen duten 121 lanen multzoa zehazki, bi gune zehatzetan pilatzen diren.
Erakusketako banaketa formatuaren araberakoa dela esan dezakegu, espazioaren ezaugarriak eskatzen duen banaketa. Goialdeak pareta zabalagoak dauzka, espazio irekiagoa izateaz gain. Horrek artelan handiagoak erakusteko parada ematen du; beraz, ez da harritzekoa multzoaren pieza handienak goialdean egotea. Aretoko sarreran kokatzen da collage-mural nagusia, eta horren bi alboetan 2015ean amaitutako Pequeña crucifixión eta San Miguel lanak ageri dira. 2013an hasia, formatu ertaineko San Miguel lanak akuarelaren eta arkatzaren bitartez motibo natural eta geografikoak nahasten ditu, eta kolore bero eta hotzen artean konposizio organiko zoragarri bat sortzen du. Pequeña crucifixión-ek, berriz, konposizio orekatu baten bitartez, forma borobildu baten inguruan biltzen diren motibo abstraktuak aurkezten ditu, eta artista bilbotarrak beti erakutsi duen forma, irudi, kolore eta kontrasteak elkarri lotzeko erraztasunaren adibide garbi bat da.
Oihal gaineko olioaren teknikarekin jarraituz, erakustaretoko pareta nagusian zehar lau metrotik gorako luzera duen El hambre y el hampa pintura ikus dezakegu. Lanik handiena izateaz gain, erakusketako lanik zaharrena da, 2011. eta 2012. urte artean sortua. Bertan, aurrekoan bezala, askotariko irudi eta motiboak artelanaren konposizioa osatzen duten forma orokor baten inguruan banatzen dira, eta belatutako atzealde baten gainean kontrastatuz altxatzen den definitu gabeko forma batek pinturaren azalera guztiz menperatzen du. Bi alboetan bereziki interesgarriak iruditu zaizkidan bi lan daude, Cristiania eta San Juan. Lehenak akrilikoa eta olioa nahasten ditu; bigarrenak, berriz, pintura eta collagea nahasten ditu. Biak lege beretik abiatzen dira: konposaketa elementu nagusi baten inguruan eraikitzen da. Halere, bien kasuan berezitasunen bat badago. Cristiania-k, pintura izanik, collagearen formen gogortasun bat erakusten du, eta linea zuzen eta formen arteko hausturek plano ezberdinen arteko kontrastea azpimarratzen dute. San Juan-en, berriz, kontraste hori formek baino gehiago kolore eta planoek sortzen dute. Hondoa osatzen duten bi plano handiek sinpletasun eder baten inguruan sortzen den irudi bat babesten dute. Lan ikusgarria, ezbairik gabe.
Beheko solairuan formatu txikiko paper gaineko lanak aurkezten dira batik bat, nahiz eta horien artean metrotik gora duten formatu zabaleko pare bat lan nahasten diren. Akuarela lanen artean harribitxi txikiak gordetzen dira, nahiz eta orokorrean formatu handiko olio nahiz akrilikoek duten sendotasuna galtzen duten. Hori guztia, noski, teknikarekin lotzen da, akuarelak ez baititu beste teknikek eskaintzen dituzten ezaugarriak gordetzen. Teknikaren azkartasunak eta arintasunak beste ezaugarri batzuk eskaintzen dizkiote Candaudapen lanari. Lan argitsuagoak dira, giza eta natura motiboak nahasten dituzten pintura biziak. Multzo horretatik bereziki interesgarriak iruditu zaizkit 2014-2015 urte bitartean sortutako Fuerteventura eta Jinete herido.
Artistak berak hainbatetan aipatu du datu ezberdinen bitartez eraikitzen den mezuaren garrantzia. Kasu horretan Candaudapek mezuak eraikitzeko erabilitako bideak ezberdinak dira baina guztiek garamatzate artistak pinturarekin duen harreman amaigabearen prozesura. Figurazioaren eta abstrakzioaren artean formek, koloreek edo marrek talka egiten dute prozesu amaigabe honen barruan. Superposizioa, fragmentazioa eta elementu ezberdinen birkonposatze lan amaigabe baten irudiak dira, eta artistak bere inguruan dituen elementuen berregituraketak bere ikuspegiaren bitartez sortzen den errealitate pertsonal bat aurkezten du. Bide tradizionaletik ala piktorikotik, Candaudapen lanak irudien collageak dira. Arturo Herrera artista venezuelarrak dioen bezala, collagea gure bizitzaren erretratua da, modu berri batean sailkaturik.