Ideia eta zuzendaritza: Dejabu konpainia. Zinemagintza zuzenean: David Aguilar, Zazpiterdi.'ITZULERA'
Antzezleak: Ainara Gurrutxaga, Miren Alcala, Urko Redondo eta David Aguilar. Tokia: Errenteria, Lekuona fabrika.
Eguna: Urtarrilaren 18a.
Dejabuk berriro ere egin du. Euskal eszenara bueltatu da, eta nolako buelta eman digun!
Larunbatean Errenterian izan ziren, estreinaldiari herrian ekiteko: etxekoekin, eta ez hain etxeko: antzokia hain zegoen lepo, baten batek kanpoan gelditu behar izan zuen. Urte guztiotan konpainiaren lanak jarraitzaile ugari irabazi ditu, euskal gizartearen bizi-esperientziak tonu hurbil, poetiko eta umoretsuan islatzeagatik; teatro garaikidea maisutasunez lantzeagatik, objektu-antzerkiaren eta antzerki fisikoaren baliabideak trebetasunez ekartzeagatik, eta teknikarekin lotzen ez den gizatasuna erakusteagatik. Horregatik eta gehiagogatik. Aspaldiko ikusle honek ez dakizkien arrazoi askorengatik. Baina lilura presente dago, eta oraingo honetan ere gure gogo-bihotzak jo dizkigu; leun, bortitz. Ainara Gurrutxagak esango luke zaldi basatiaren errua dela. Gauza magikoak egiteko, magiarekin konektatu beharra dago, eta ondo dakite hori Dejabuko kideek. Gurrutxaga aipatzera noa berriz, haren hitzak baitauzkat saltoka buruan, idatziak izateko zain.
Emanaldiaren ondoren, solasaldi txiki bat antolatu zuten antzezleek, sorkuntza-prozesuaren inguruko kontutxoak konfesatzeko baliatu zutena. Krisi kreatiboan dagoen euskal konpainia batek Mexikora egingo du bidaia, Etxeparek emandako laguntza bati esker. Han, denbora eta espazioa nahastu eta abentura koloretsu batean murgilduko dira. Nondik nora, nolatan okurritu, agertu zitzaien haien biografietan oinarritutako historia zoro, zoragarri hau? Bada, hala aitortu zuen Gurrutxagak —euskal arrazionalismo estuaren kritikari beldurrik gabe, oraindik ere Mexikoren usainaz zipriztinduta arropak—: sorkuntzan entzun egin behar da. Oholtza utero handi bat da, hasieran hutsik dagoena, hutsik mantendu behar dena, beste horrek zer ekarriko zain. Gauza bat ziurra da: tentuz itxoiten dakienak opariak jasoko ditu. Hartara, bidaia fisikoari utzi zioten mintzatzen, eta sortzea ere bidaia bat den eran, zaldi basa bat agertu zitzaien, determinazioz antzezlana bultzatzeko prest. Mexikok erabakiko zuen, akaso, Errenteriako hiru horiek bazirela nahikoa duinak bere energia errepresentatzeko, baita bidelagun paregabea eskaini ere: David Aguilar, kamera esku-artean eszenakoa pantailara eraman duena, eta tartean, antzeztu ere egin duena. Izan ere, road movie bat da hau, antzerkia eta zinema uztartzen dituena, musikaz eta bideoklipez jantzia. Dejabukoek dibertitzeko gogoa zuten, eta bistan da krisi existentzialak umorez eta festaz hartzea dela onena.
Lengoaia ere edukia eta espiritua bezainbeste zaintzen dutenez, aipatu beharra dago zorrotzak izan direla teknikarekin: bisualki oso zaindua den emanaldia egin dutela, gorputza eta ikus-entzunezkoa batuz, bigarrenak lehenengoari itzal egin ez diezaion lortu dutelarik. Artisau finaren eskuz sortu dituzten maketek unibertsoak sortu dituzte, eta produkzio handien efektuekin alderatuz gero —konparaketak lekurik ez duen arren—, xarma berezi bat gaineratu diote gure begi-irudimenari.
Honaino iritsi bazara, irakurle, espero dut ulertuko zenuela Itzulera-tik ez zarela berdin itzuliko.