KRITIKA. Antzerkia

Merezi zuen

Agus Perez.
2016ko otsailaren 21a
00:00
Entzun

'El florido pensil. Neskak'

Zuzendaritza: Fernando Bernues, Mireia Gabilondo. Eszenografia: Edi Naudo. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 18.

Merezi zuen El florido pensil antzezlana ostera ere taulara ekartzea, gutxienez osasungarria delako katarsi ariketa hau hamar urtean behin egitea. Bestelako erreparaziorik ezean frankismoaren ideologia nazional-katolikoa barregarri uzteko behintzat, hamar urtean behin izan arren. Eta, tira, ideologia ere esatea asko da gero, kontuan izanda agintari frankisten pentsamendu sinplista —pentsamendu ere asko da, jakina— eta zerabilten saltsa-maltsa sasi-intelektuala, sakon errotuta dotrina katoliko atzerakoienean, eta hari gehituta Espainia inperialaren amets momifikatua eta komunismoarekiko gorrotoa.

Merezi ere merezi zuen, urteak eta hamarkadak aurrera egin ahala gero eta urrunagoko kontuak diruditelako pasadizo ziztrin eta mortifikazio moral haiek, eta komeni delako gazteek ere jakitea nondik etorri diren beren arbasoak —bai, arbasoak gara gure adinekoak, Antzinatasuna gurekin amaitu zelako— eta ulerkor jokatu dezaten beren buru galduekin, jakinda beraiek direla aro berriko lehendabizikoak, eta gu, dinosauroak bezala, kondenatuta gaudela desagertzera.

Eta merezi zuen batez ere neskak bide bazterrean geratu zirelako bai 1996ko lehen muntaia hartan bai hamar urte geroago, 2006an jatorrizkoaren arrakasta errepikatu zenean. Egia da Andres Sopeñaren jatorrizko liburua mutilen ikuspegitik idatzia zegoela, baina beharrezkoa zen neskei justizia egitea, eta Kike Diaz de Radaren egokitzapenean beraiek dira protagonista, hogei urteko atzerapenarekin izan arren.

Ulertzekoa denez, ez dago aldaketarik, edo aldaketa nabarmenik izan eszenaratzearen kontuan: arbela handia, ikonografia nazional-katolikoa eta egurrezko ikasmahaiak izan dira elementu nagusiak eta, aurreko muntaietan bezala, irudimen handiz erabili dira dramaturgiari dinamismoa emateko eta bost aktoreen mugimendu ia koreografikoak errazteko, sortzez estatikoa eta sitsak jandakoa zen eskola hartan. Estatikoa zen frankismoa beste ezeren gainetik, erabateko geldotasuna eternitatearen parekoa egiten zaigulako, baina betierekotasun hartan umeen esku zegoen bizitasun bakarra, eta maisu-maistra, moja eta fraideei zegokien edozein bizitasun errotik moztea. Bokazioz egiten zuten haiek guztiek, eta beharbada horregatik ez zaizkit iruditu hain barregarriak egoerak, oraingo begiekin tristezia handiagoz ikusten dudalako ostu ziguten umezaroa.

Dena dela, oraingo bost aktoreek —Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Teresa Calo, Elena Irureta eta Itziar Lazkano— bestelako bokazio bat eduki dute —mila esker—, eta agerikoa da ekipo sendoa osatu eta disfrutatu egin dutela beren roletan, kontuan izanda, gainera, haietariko bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago jokatu duela, gizonezkoen bertsioan gertatu zen bezala. Arriaga antzokia polito betetzen zuten ikusleek ere gogoz eskertu dute eszenaratzea, barre-algara handirik gabe, baina ondo txalokatuta eszena bakoitzaren amaiera eta muntaia osoaren emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.