KRITIKA. Artea

Menpean

Erakusketan ikusgai dauden lanetako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun

'El pozo y la pirámide'

Artistak: Alvaro Albaladejo eta Cristina Ramirez. Lekua: BilboArte. Noiz arte: Apirilaren 17ra arte.

Aurten ere, urtero bezala, BilboArte fundazioaren aretoko programa aurreko urtean artista egoiliar izan ziren proiektuekin antolatu dute, eta bertan hasitako proiektua fundazioak Urazurrutia kalean duen areto duinean gorpuztu da. Azken proposamenak aurreko urtean han aritu ziren bi artistaren —Alvaro Albaladejo (Granada, 1983) eta Cristina Ramirez (Toledo, 1981) espainiarrak— lana bildu du Putzua eta piramidea izenburupean. Proposamenak bitxikeria bat gordetzen du: artista hauek euren proiektuak formalki bakarka garatzen dituzten arren, helburu baten bilaketak batzen ditu. Beldurra eta haluzinazioa estrategia moduan erabiliz, mugako irudi baten araketa proposatzen dute; filosofia eta psikologiaren mugetan hazten den sentipen baten bilaketa, bertigoarena, ziurtasuna galtzen dugun mugaren inguruko ikerketa.

Erakusketa Javier Sanchez Martinez (Madril, 1982) arte komisario gazteak antolatu du, aukeraketaren bidez bi artista ezberdin hauen unibertsoak batu eta mugako ideia honetara bideratuko gaituen proposamena zabalduz. Azken erakusketa honetarako BilboArte fundazioaren espazioa ia guztiz zabaldu da, eta sarreran ezarri den pareta batez gain, gainontzeko espazioa erabat garbia agertzen da. Sarrerako espazio horretan artista bakoitzaren lan bana biltzen da, jada formalki eta prozesu aldetik guztiz ezberdinak diren bi bide erraz desberdintzen dituztenak. Albaladejok metalez bikainki landuta dagoen obelisko bat aurkezten duen bitartean, Ramirezek paretan zabaltzen den forma luzatu bat erakusten du. Gerturatzen garen heinean, natura, bizitza eta biologiarekin harremandutako detaile zoragarriak ikus ditzakegu, nolabait paretako zulo batetik ezagutzen ez dugun forma organiko ilun bat zabaltzen ariko balitz bezala.

Artelan multzoak bi ibilbide ezberdin hauen ezaugarri eta berezitasunak berresten ditu. Albadalejok esparru geometrikoa garatzen du, eskultura nahiz instalazioen bidez inkontzientearen eta pertzepzioaren inguruko ikerketa garatuz, etapsikopatologia, desorekak eta egoera krepuskularrak bere diskurtsoaren oinarriak dira. Sentipen hauen isla zaila egiten da lehen begirada batean sumatzea, artistaren lanak kontzeptu eta diskurtso pertsonal baten emaitza baitira: metalezko obelisko etzana, egur ezberdinez landutako obelisko zatitua, oinarrian plastiko beltz bat zabaltzen duen egurrezko forma piramidala... Indibidualki hartuta, Albaladejoren lanen aurrean, ikusleak bidean galdu izanaren sentipena izan dezake, baina kasu jakin honetan, Ramirezen lanekin osatzen duen multzoaren barruan azken horren lanek zentzu bat ematen diotela dirudi, Ramirezen lanen bitartez Albaladejoren artelanak gertuagokoak izango balira bezala.

Ramirezen bidea izu kosmikoan eta horren irudikapenean oinarritzen da, hau jomuga hartuta, eta, eskulturaren eta marrazkiaren bitartez, ezezagunaren eta hondamendiaren artean kokatzen den sentipen bat plazaratzen du. Erakusketako sarreran zabaltzen zen forma organiko hura barneko espazioan errepikatzen d a lurreko eskultura organiko gisa, nahiz eta kasu honetan, erabilitako materialaren kolorea berde argi bat izanik, aurrekoak zuen alderdi aztoragarri hori galtzen duen. Azken eskultura hau asaldatutako itsaso bat erakusten duenmarrazki bikain batekin lotzen da, eskulturaren formak bertako uretan eragina edukiko balu bezala. Mugimendu horrek kontrolatu ezin den hori islatzen du, lurretik kanpoko indar batek bertako naturan kontrolaezina den eragin katastrofiko bat irudikatuko balu bezala. Beste bi irudiak paretan zuzenean sortuak dira. Zuri-beltzaren bitartez, bata bestearekin talka egiten duten planetak eta zeruko hodeiak banatzen dituzten esfera hegalariak erakusten dituzte. Honako honetan ere aztoratzen gaituen sentipen bat suma dezakegu, benetan interesgarria.

Horrela, Ramirezen lanen itzalean eta horietatik abiatuta, Albadalejoren lanek Kubricken espazioko odisea dakarte burura, gizakiaren aurreko tximinoek aurkitutako monolito ezezagunaren antzera. Artista baten lanaren bitartez iristen naiz bigarrenaren interpretazio bat egitera, ez dakit egokia hala ez, baina, kasu honetan, argi dago baten lanak bestearengan eragiten duela, ikuslearekiko diskurtsoaren eta artelanaren artean dagoen gertutasunean oinarritzen den menpekotasun bat sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.