Erresuma ta Fedea (Elkar, 2006-2013) nobela historikoen trilogia amaitu ostean XXI. mendean kokatu ditu Aingeru Epaltzak (Iruñea, 1960) Mendi-joak (Elkar, 2017) ipuin bildumakoak. Bilduma osatzen duten hamar narrazioak desberdinak dira luzera, kontakizun eta kontamoldeari dagokionez baina garaiaz gain badute guztiek beste zerbait amankomunean: mendia dute aitzakia eta gertaleku. Baina liburuari hasiera ematen dion Aleksei Bolotov errusiar alpinistaren aipuak dioen bezala, «mendiak berak bakarrik ez du ezer esaten. Harri eta izotz besterik ez da. Bizia gizakiak ematen dio, gora igo eta hangoa kontatzen duen momentuan».
Literatura gatazkaren eremua dela esan zuen Epaltzak aurkezpenean. Irakurketa guztian zehar sentitu dut gatazkak dakarren tentsioa, ezinegonean eduki nauena askotan. Sugea, Lokatza eta Belauna ipuinak tragikoki bukatzen direla esan daiteke, eta hiruretan nabaritzen da tenka, gero eta larriago, amaieran askatzen den arte. Ertza, Olatua eta Argazkia kontakizunak, berriz, egoera lazgarrien gainean eraikitzen dira, tragedia dute abiapuntu, eta hortik dator tirabira. Gainerako lau aleetan ere ez da larritasunik falta, erruak eta damuak eraginda, adibidez, baina tragediara jo gabe ebazten da.
Joera errealistako literatura da Epaltzarena, paisaia menditarra atze-planoan, fokua pertsonen arteko harremanetan jartzen duena, botere asimetriak eta moral arazoak agerian utziz. Narrazioek erakusten duten gizartearen eta pertsonaien misoginia orokortuari aurre egingo lioketen ahots eta diskurtsoen kontra-puntuaren falta sentitu dut, hala ere, askotan. Familia —eta harreman afektibo— eredu normatiboak dira ia ipuin guztietan aztertzen direnak, salbuespenak salbuespen.
Bereziki aberatsa iruditu zait Epaltzak darabilen lexikoa eta joskera. Baina ez naiz ezer berria esaten ari, egunez egun hamazazpi urte atzera Maider Aristik Epaltzaren Rock'n'Roll (Elkarlanean, 2000) nobelari egindako kritikan idatzitako hitzek gaur ere balio dute: «Euskal literatura aberasten ari baldin bada, Epaltza bezalakoen idazkerari esker ari da. Hedabideek erabiltzen duten euskara batuan nekez entzuten diren hitz eta joskerak erabiltzen ditu [...] egun hedabide eta liburu gehienetan irakurtzen den euskaran nafarrera kutsua duen oro ia desagerturik dugula gogoraraziz». Ia bi hamarkada beranduago egoerak berean jarraitzeak baditu bi alde: 1) Epaltzak ez du trebeziarik galdu eta lanean zoli darraio. Baina 2), batuaren aferan ez dugu amiñi bat ere aurreratu. Leire Narbaizak orain dela sei urteko artikulu batean aldezten zuen lexiko guztia dela batua, ez soilik «batutzat saldu nahi diguten herrena». Batuaren lexiko eta sintaxi aberatsaren zabalkunde eta normalizaziorik eza da, agian, arazoa.
Euskal gizarte urbanoan mendizaletasunak duen garrantzia aipatu zuen Epaltzak prentsaurrekoan. Liburu honetako pertsonaiek mendiarekiko duten harremana bizitzarekiko dutenarekin erka daiteke beharbada, eta sufrimendua da nagusi harreman horretan. Izan daiteke sufrimendu askatzailea, katartikoa, edo menderatzailea, erreakzionarioa. Mendi-giroan mendi-joek erakutsitako jokabidea paradigmatikoki erakusten du Epaltzak, gizarte gatazka batzuk agerian utziz.
Literatura. 'Mendi-joak'
Mendi-giroak paradigma
Idazlea: Aingeru Epaltza. Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu