Tatxers 'Tatxers'

Melodia sorta bat

Diskoetxeak: Tough Ain't Enough Records eta Flexidiscos.

2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Iruñeko taldeak iraupen luzeko estreinako lan homonimoa argitaratu berri du, zeina bandaren Bandcamp webgunean entzun daitekeen eta Tough Ain't Enough diskoetxearen bidez eskura daitekeen. Iruindarrek, aurretik, 2021ean, hautsak harrotu zituen Hiruzpalau amets larri izenburuko EPa plazaratu zuten, zeinetan eztarria urratzeko lau ereserki jaso zituzten.

EP hartan hirukoteak bere dohainak erakutsi zituen: Oi! kutsuko koruak, mod jarrera, melodiekiko atxikimendu estua, ekoizpen garaikidea eta ikus-entzuleen ahots-kordak urratzeko konpromiso irmoa. Erreferentziabatzuk aipatzeagatik, Blitz eta The Jam klasikoak edo Fat Wreck diskoetxearekin sinatu zuen Snuff hardcore talde britainiarra. Bada, lau kantu horien bidez nahikoa oihartzun erdietsi zuen taldeak, eta kontzertuetan hainbat zale bildu zituen, gazteak gehienak eta punk-rock zaleak.

Disko luzean formula arrakastatsu horri eutsi diote, baina apur bat harago eramanez, batez ere post-punk giroetara ere salto egin dutelako. Horren adierazle, Labanak doinua, zeina The Clash taldearen zantzuekin hasten den, baina aurrera egiten duen heinean erritmo angeluarretan murgiltzen den, melodiei bizkarrik eman gabe. Post-punk giro horiek Printzearen harresia kantuan ere antzematen dira. Abesti horretan Vulk taldeko Andoni abeslariak parte hartzen du doinuari joera oldarkorrago bat eransteko —Andonik diskoaren azal ederra ere diseinatu du—.

Horrekin batera, euskal pop klasikoaren eragina ere aipagarria da, tartean Zarama, Jotakie eta Delirium Tremens. Halere, influentzia horiek taldeak bere eremura eramaten ditu, ekoizpen garaikidez osatzeko, eta batez ere instrumentazio bikainarekin janzteko: Jon Salinasek baxuarekin egiten dituen zirimolak txapela kentzekoak dira, eta Martin Zirizaren gitarra sotila funtsezkoa da. Gehiegizko distortsioa baztertzen du Zirizak, soinu naturala eta oihartzuna lehenetsiz; taldearen Bandcamp-eko iruzkin batean, zale atzerritar batek Minutemen taldeko D. Boon gitarra jotzaile zendua aipatzen du.

Halaber, ahotsekin ere ahalegin nabarmena egiten du taldeak, agian oi! soinuekiko duten zaletasunagatik. Jaugin hori bereziki hautematen da grabazioko azken bi kantuetan, Red Sun Rise eta Harri hura, lagunartean abesteko bi ereserki baitira.

Aurreko EPan agertutako freskotasuna pixka bat galdu arren, taldea helduagoa ageri da lan luze honetan, eta bere ohiko jariotik urruntzeko gai direla erakutsi dute, post-punk edo pop zaletasuna agertzeko. Areago, diskoa entzunaldien poderioz hazi egiten da, eta horrek grabazioaren, eta, batez ere, kantuen sakontasuna adierazten du.

Azkenik, udaberria oparoa izaten ari da gurean, besteak beste Verde Prato, Oki Moki edo Tatxersen lan berriak iritsi baitzaizkigu. Loraketa koloretsua izaten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.