Vicente Ameztoi
Non: Bilboko Arte Ederren Museoan. Noiz arte: Irailaren 13ra arte.
Belar-metak, ikurrinak, poxpolinak, mendi paisaia berde-berdeak... euskal tradizio piktorikoa moldatzen duten ageriko ikur kostunbristak, adierazle folkloriko bilakatuak, azalekoak izan daitezkeen irudiak dira. Aldiz, badira irudiotaz baliatuz errealitate paralelo eta onirikoak sortzeko gai direnak. Hori da, hain zuzen, Vicente Ameztoiren lanak lortzen duena, betiere euskal kulturaren erroak abiapuntu izanik, beste leku batera eramaten baikaitu margolariak. Bilboko Arte Ederren Museoak Vicente Ameztoi (Donostia, 1946 Villabona, 2001) margolari gipuzkoarraren omenezko atzera begirakoa egituratu du, lehenengoz. Izan ere, artistaren obra trazatu izan duten hainbat erakusketa izan badira ere, Bilbokoa da aurrenekoz artistaren produkzioa bere osotasunean biltzen duena.
Erakusketak Ameztoiren ibilbide osoa biltzen du —53 pintura, 30 marrazki, hamabi kartel eta sei kutxa collage—; ondorioz mostraren egitura ez da espazio bakarrera mugatzen. Halaber, gune ezberdinetan txukuntzen den mostra honek zirkuitu lineala du. Oro har, Ameztoiren sortze prozesuaren irakurketa kronologikoa bideratzea helburu izanda, artistaren hastapenetako obrek eginen digute harrera mostran barneratzerakoan. 1960ko hamarkadarekin hasita, 2001. urtera arte garamatzate mostra egituratzen duten piezek, eta gelaz gela aurrera egin ahala, artistaren bilakaera plastikoaren testigu izanen gara. Eta honela, artistaren lanen aniztasunaz ohartuko gara, bere produkzioa ez baitzen pinturara mugatu. Nahiz eta margolanen nagusitasuna adierazgarri izan, murruetan marrazkiak, estanpak, kartelak, nolabaiteko aldare mistikoekin aldera daitezkeen kutxa bitxiak... daude eskegita.
Goiz ekin zion margolaritzari Ameztoik, eta 1970eko hamarkadarako bazuen bere lekua euskal kulturgintzan. Ordura arteko arte tendentziak eraldatu zituen artista multzoarekin alderatzen da Ameztoiren lana, abstrakzioa, espresionismoa edota arte kontzeptualak nagusi ziren momentuan, errealismo magikoarekin aldera daitezkeen pinturak egiteari ekin baitzion artistak. Pintzelada finek sortutako zehaztasunaz, errealitatetik eratorritako objektuak mundu irrealetara eramaten dituzte erakusketako margolanetan: belar meta hegalariak, paisaia bukolikoen barnean irekitzen diren beste paisaia pintoreskoak, erdi landare erdi gizaki diren humanoideak...
Mostra egituratzen duten lehen espazioko margolanek naturak eta paisaiak jorratzen duten oinarrizko paperaz abisatuko gaituzte. Halako batean, urrunetik mendiak eta basoak irudikatzen dituzten pinturetara gerturatzerakoan, gizakien presentzia ikusezina aditzera ematen duten ingeradak aurkezten dira. Bada, pertsona baten irudia aurkeztu ezean, ingeradaren barnean bestelako paisaia bat igartzen da, eta, bien tartean, nolabaiteko lotura bat sortzen duten sagar hegalariak agertzen dira.
Alboko konposizioetara so eginez, gizakien ingerada hutsez konposatutako beste hainbat pieza aurkitzen dira. Horien artean, deigarriak dira siluetaren barnean paisaia irudikatu ez ezik ispiluak dituztenak: soslaiez irudikatutako andrea batean, eta gizonezkoa bestean. Momentu azkar batean, pinturen alboan kokaturiko margolanaren pertsonaia bihurtzen dugu geure isla bera. Erretratu klasikoen patroiak hartu, ezaugarriak bereganatu eta eraldatzen ditu Ameztoik irudiotan, haietatik abiaturik lengoaia berri bat sortzen baitu; alegia, Rene Magritteren lanarekin alderatu daitekeena.
Geletan aurrera egin ahala, figura hutsak eraldatzen dira, eta zenbaitetan erdi gizaki eta erdi txorimalo, erdi landare, erdi barazki... diren figurek ematen diote bizia pinturei. Hamaika dira margolanotan pintzelada fin-finez irudikatutako elementuak, eta, era berean, hamaika izan daitezke horien inguruan egin ahal diren irakurketak. Narrazioak dira Ameztoik irudikatzen dituenak, eta mezuak bidaltzen dizkigu artistak. Horietako batzuk kriptikoak diren bitartean, badaude erraz argitu daitezkeenak. Esaterako, Lemoizko zentral nuklearra atzean duten bi poxpolinen irudi kritiko, ironiko eta surrealista artistaren konpromiso ekologistaren adierazle zuzena da.
Matrioxka panpina baten barruan txikiago bat aurkitu dezakegun era berean, Ameztoik egindako irudien barnean beste bat aurkitzen dugu: eszena bat beste baten barnean, istorio bat kontatzen duen istorioa... Ildo honetan, matrioxka panpina guztiak ateratzen ditugunean horiekiko izan genezakeen ikuspuntua aldatzen da, eta modu zabalago batean ezagutzen ditugu. Beraz, ikuspuntu honi jarraituz,Ameztoi mostrak artistaren lan gehienak espazio berean bildu izanak horrekiko perspektiba zabalago bat eskaintzen digu, artistarekiko ikuskera berrituz.
KRITIKA. Artea
Matrioxken eran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu