'Matriuska'
Konpainiak: Kamikaz kolektiboa eta Ttak. Sorkuntza eta interpretazioa: Iraia Elias, Amancay Gaztañaga. Lekua: Martuteneko (Donostia) Etxarriene Kultur Gunea. Eguna: Otsailaren 14a.
Audre Lorde (Harlem, AEB, 1934 - Saint Croix, AEB, 1992) pentsalari eta ekintzaile lesbo-feministaren aipu batek azaltzen du beste ezerk baino hobeto Matriuska lanaren mamia. Esku-programan bertan azaltzen da, eta honela dio: «Zenbait emakume zain egoten dira zerbait noiz aldatuko, eta deus ez da aldatzen... Beraz, beren burua aldatzen dute».
Beren burua aldatuta agertu dira Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga, bata bibote handiarekin eta bestea kokospeko dotore batekin hornitua, eta teoria teorikoen teorizazioan teorizatu dute hasierako pasarteetan, pentsamendu logikoaren kolapsora daraman joera parodiatuz, baina ez da kontu hori izan emanaldi erdi zoro, erdi ganberro, erdi lotsagabe honetan zehar eskaini diguten auzia, Lordek planteatu zuena baizik.
Bide horretatik, beste galdera batzuk etorri dira, betiere umore burugabean bilduta, satira leunetik hurbil batzuetan eta antzeztearen jokoaz sano gozatuz beste askotan, ikusleen konplizitate betean uneoro. Eta galdera haien artean hona hemen behinena: zergatik desagertu eta desagertzen dira gizartearen iruditeriatik emakume pentsalariak, zientzialariak, artistak, idazleak, hau da, aitzindariak direnak edo izan zirenak? Zergatik haietariko askok gizon izena hartu behar izan zuten? Zergatia, ordea, soberan dakigu; kontua da orain egitate horren gaineko gogoeta egin, gizartearen eta norberaren zama onartu, eta egia horren gainean zerbait berria eraikitzera igarotzea. Prozesu horretan funtsezkoa izaten da antzerkiak sortu ahal duen katarsia, eta askoren aburua da umore onaren bidez askoz urrunago ailegatzen dela sakoneko mezuen transmisioan eta erraietaraino doan bidaian.
Hamar bat kandelatxo elektrikok inguratu dute bi antzezleen inguruko eremua, eta foku berde batek girotu ditu noizbehinkako une mistiko edo paranormalak. Agerikoa izan da elementu eszenikoen erabilera —ke lainoak, argien bat-bateko aldaketak, musika bidezko girotzeak...—, eta agerikotasun horrek are zintzoagoa eta hurbilagoa egin du antzerkiaren artifizioa. Liburuak zeuden pilatuta, baina bakar batetik atera dute funtsean zerbait, eta hala ere, bertan txertaturiko paper erreak izan dira. Eta piramidearen goi erpinean telefonoa zegoen, garai bateko telefono handi eta zahar bat. Ikertzaile nagusiaren laguntzaileak noizean behin egin dizkio handik kontsultak goiko nor edo nor bati, baina goikoarekiko komunikazioak etenda geratu dira behin eta berriro, eta bi protagonistek beren kabuz askatu behar izan dituzte barruan zeramatzaten emakumeak. Ez sufritu gabe, ordea, baina poz betean askatu dituztenean.