KRITIKA. Artea

Materiatik memoriara

Erretratuak izan dira erakusketaren ardatzetako bat MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2016ko urriaren 18a
00:00
Entzun

Jose Ibarrola

Erakusketa:Cuestión de tiempo. Lekua: Bilboko Rekalde aretoa.Noiz arte: Igandean itxi zuten.

Denboran baino gehiago, beste alderdi batzuetan ipiniko nuke nik begirada Bilboko Rekalde aretoak Jose Ibarrola artistaren azken lanekin antolatu duen erakusketan. Zeren eta, 1955ean Bilbon jaiotako artistaren Cuestión de tiempo erakusketa Quatrocentoko egile batzuen lanekiko zeharkako elkarrizketa moduan aurkezten bada ere —hala da eta—, iritzi trukaketa horrek denboraz gain bestelako gaiak ere jorratu ditzake: materia, forma, testuingurua, historia eta memoria. Guztiek daukate tokia Ibarrolaren lan aberatsaren erraietan.

Artistaren azken hiru urteetako lana biltzen duen erakusketa hau eskultura nahiz pinturez osatu dela esango nuke, baina agian, kasu honetan, artelan tridimentsionalaren eta bidimentsionalaren arteko bereizketa bat aurkeztea aproposagoa izango litzateke, Ibarrolaren pinturaren barruan, mihise, egur nahiz paper gaineko akriliko, tenple eta akuarelek pintura eta eskulturaren arteko harreman berezi bat aurkezten baitute, eskultura pinturaren barruan txertatu delarik. Erakusketa osatzen duten 126 lanak espazioan zehar egoki antolatu dira, formatu handi nahiz ertaineko lan bidimentsionalak eskultura tridimentsionalekin nahastuz.

Multzo eskultorikoa interesgarria izan arren —oinarrizkoa kasu honetan— benetako interesa pinturek gordetzen dute, eta eskultura prozesu bikain baten hasiera puntu moduan ulertzen da, ondorengoari jarraitutasun bat eskaintzen diona. Artistak berak dioen bezala, «eskultura ez da beste adierazpen grafikoarekiko independentea den diziplina bat, beste adierazpenekin zerikusia ez duen zerbait; ez dut horrela ulertzen eskultura». Ikuspuntu hori argi eta garbi adierazten du artistak bere lanetan. Horrela, Daño colateral, El Bufón desnudo, El hieratico ilustrado, La dama del barquillo eta El perro de los Arnolfini-k eraldaketa prozesu bat jasaten dute eta hirugarren dimentsioa galtzen dute.

Halere, galera kasu honetan ez da gauza negatiboa, Ibarrolaren lanean naturalki gertatzen den prozesuaren emaitza ikusgarria baita. Erakusketan sartu orduko, 2013an akriliko bidez mihise gainean landuriko Van der Weyden-ek eraldaketa horren emaitzak aurkeztu dizkigu, aitzindari harro baten moduan erakusketako ontasunak aldarrikatuz. Akriliko eta tenpleen multzoan, benetako harribitxiak diren hainbat lan aurkeztu dira: besteak beste, 2013ko Jean Fouquet, artista horrek 1450. urtean sorturiko La virgen de Melun lanean oinarritua, 2013ko Botticelli, 1484ko Venusen jaiotza klasikoan oinarritutakoa, eta, bereziki, 2013ko Andrea Mantegna eta 2014ko Colyn de Coter, lehena 1480ko artista berberaren San Sebastian-en oinarritua eta bigarrena Gurutzetik jaitsiera lanean oinarritua. Zein baino zein ikusgarriagoa.

Hainbeste lanen artean aukeratzea zaila den arren, guztien artean aipagarrienak diren bi multzo erakutsi dira azken erakusketa honetan: erretratuak eta paper gaineko akuarelak. Azken horiek, 56 guztira, 2013 eta 2015. urteen artean sortuak dira. Formatu txikikoak dira (12 eta 19 zentimetro artean) eta artelan nagusien apunte hutsak baino gehiago dira. Identitate propioa erakusten dute, eta emaitza ezin hobeak lortzen dituzte marrazkiaren, kolorearen eta argi-ilunaren lanketa aipagarri baten bitartez. Guztiak atzealdeko pareta batean erakutsi dira, eta multzoaren indarrak erakusketako proposamenik interesgarriena bilakatu du.

Ibilbidearen bigarren aretoan 11 erretratuz osatutako talde bikaina aurkeztu du Ibarrolak. 60 x 50 zentimetrokoak eta 2015. urtean sortuak denak, Petrus Christus, Piero della Francesca, Van der Weyden, Van Eyck, Donatello, Filippo Lippi, Pisanello, Leonardo eta Michel Pacherren erretratuen bertsioak dira. Erretratuen bidez, erakusketak gordetzen duen ideia edo kontzeptu nagusia lantzen du artistak. Horietan, gainontzeko pinturetan bezala, Ibarrolak bertako gorputzak materia eskultoriko/geometriko bilakatzen ditu, eta kasu honetan, erretratuak izanik, jatorrizkoetako aurpegien tokian objektu geometrikoak azaltzen dira. Horrela, giza itxura naturalak geometria hotzek ordezkatu dituzte. Baina erreferentzien gabeziak erakusten duen hoztasun hori ez da erreala, objektuek originalaren historia, testuingurua eta memoria gordetzen baitute. Bide horretatik, artistak azpimarratzen duen bezala, ikuslearen eta klasikoen arteko elkarrizketa bat sortzen da, materialtasun geometrikoaren bidetik gaur egun gizakiak gizatiarren egiten gaituen ezaugarri nagusia azaleratuz: gure historiarekiko memoria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.