Artea
'Hiriko fikzioak'
Lekua: Koldo Mitxelena. Donostia. Noiz arte: urtarrilaren 28a arte.
Komikia modan dago. Beti izan ditu jarraitzaile fidelak, baina orain gutxi nobela grafikoa deritzonak sona lortu duela —Art Spiegelmanen Maus (1977-1991), Marjane Satrapiren Persepolis (2000-2003) edo Paco Rocaren Arrugas (2007), hiru baino ez aipatzearren, bide batez, sutsuki gomendatzen ditudanak—eta instituzioek lehenago alderatuta zeukaten adierazpen kultural horri arreta berezia eskaintzen diotela eta, kultuko produktu zena publiko orokorrarengana zabaldu da.
Kasu honetan, baina, ez da hau komigikintzari buruzko erakusketa ohikoa; izan ere, berau abiapuntua izanik, bertan komikigileak eta diziplina hori darabilten bestelako artisten lanak uztartzen baitira, betiere hiria ardatz hartuta. Badira komiki klasiko zein garaikideak, Julian Armendariz eta Luis Gaska/Gipuzkoako Foru Aldundia bilduma bikainen funtsetakoak, mota eta garai oso ezberdinekoak, Winsor McCayren Little Nemo in Slumberland mitikotik hasita TMEO-ko azken lanetaraino, baita komikia bere hartan landu ez baina bideo edo bestelako diziplina gisa darabilten sortzaile garaikideen proposamenak, hala nola instalazioak edota animazioak, denak nahasita. Komikien arteak sortutako pertsonaia askok bestelako lengoaietara egiten dute jauzia, eta, hala, XX. mende hasieran sortu zenetik, hiri modernoen isla izan den komikiak egin duen lez, sortzaile garaikideenek istorio marraztuen estetika eta hizkuntza indartsuaren bitartez agertzen digute egungo hiri postmodernoaren konplexutasuna.
Mostrarako hiru artistak preseski egin dituzte lanak. Judas Arrietak (Hondarribia, 1971) ezagutu dituen hirien elementuak bere eginez, eta Asiako hirien eta manga estetikari asko zor dion ikonografia pertsonal batez, Donostyland izeneko mundu urbano propioa sortu du, kaotikoa eta eklektikoa, mural batean. Beste horma-irudi bat egin du Javirroyok (Zaragoza, 1972), soilik binilo gorria eta beltza erabiliz, superpopulatutako etorkizuneko hiri zoro eta erakargarria taxutuz. Ordea, Francesc Ruizek (Bartzelona, 1971), Donostialdean Topo esaten dioten trena abiapuntu hartuta atondu duen instalazioak, etxera eramateko komiki eta guzti, ez du hainbeste funtzionatzen.
Beste lan ugariren artean, arreta berezia merezi du Pushwagner (Oslo, 1940) norvegiarrak 70eko hamarkadan gauzatutako Soft City (1969-1975) eleberri grafikoak —bisitariaren eskura paretetan, artistak berak 2008an egindako animazioarekin batera—, errotulagailu batekin egindako marrazki sinpleen bidez, hiri modernoen alienazioa modu bikainean agertzen duen alegoria antiutopikoa. Justu kontrako ikuspegia dute garai bereko Archigram abangoardiako arkitekto ingeles taldeak proposatzen dituzten hiri utopiko hiperteknologikoek, sekula gauzatu ez, baina indar estetiko eta sakontasun kontzeptual nabarmenekoak direnak.
Anouk de Clercq (Ghent, 1971) eta Txuspo Poyok (Altsasu, 1963), komikigintza tradizionalenetik urrutien dauden lanak aurkezten dituzte, beraien artean zenbait antzekotasunekin, zinez interesekoak. Lehenak, Belgikan, Brujas hiriko auditorioan inspiratutako animazio poetikoa garatu du, eta bigarrenak ezezagun bezain ikusgarri den BilbokoBegoña auzoko igogailuari buruzko ikuspegi oso pertsonala, alderdi historikoa, soziologikoa eta zientzia-fikziokoa modu originalean nahasten dituena.
Hiriaren trataera moduak denetarikoak ditugu, zientzia-fikziokoak, utopikoak, satirikoak, dibertigarriak, eta ez dago diskurtso komunik lanen artean, hiria azpiko motibo lez ez bada; baina, oro har, gogoetara gonbidatzen duen erakusketa dugu, komikiaz izan ohi dugun ikuskera infantil eta inozoaz haratago, pentsarazi egiten gaituzten bineta eta animazioak baititugu gehienak. Hiria eta komikia elkar ondo moldatzen diren munduak dira, erabat bateragarriak, paisaia urbanoak istorio pertsonalak agertzeko agertoki ezin hobea izaki, horiek kontatzeko modu bikaina baita komikien lengoaia unibertsala.
Mostra erakargarria dugu oso komikigintza gustuko dutenentzat, salto bat gehiago eman, eta bestelako produkzio plastikoetan istorio marraztuen eragina aztertzen baitu. Ez daude denak, noski, baina daudenak badira interesekoak, guztiak arras ezberdinak. Eta justu horixe du azpimarragarri erakusketak. Izan ere, lege orokorretatik irtenda eskaintza anitzaren barruan detaile ñimiñoenetan aurki daiteke gozamena, izan hiru dimentsioko proposamen tekniko eta fantasiatsuenetan, zein komikigileen beraien trazu eta marka guztiak dituzten irudi originalen xarma berezian, kasu.
Gainera, usu lez, Koldo Mitxelenak erakusketa txukun eta zaindua agertzen du, dokumentazio gune aberats eta atseginarekin, oraingoan Alvaro Matxinbarrena eta Fernando Martin artistek diseinatutako muntatze egokiaz hornituta.
Artea. Kritika
Marrazkietatik irtendako istorioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu