'Macbeth'
Ekoizpena: Arriaga antzokia. Bertsioa eta zuzendaritza: Alex Gerediaga. Euskaratzea: Jon Gerediaga. Musika: Belako. Jantziak eta eszenografia: Azegiñe Urigoitia. Eremu eszenikoa eta argiak: Javi Andraka, Oier Ituarte. Bideoak: Jesus Pueyo. Antzezleak: Iñigo Aranbarri, Kepa Alesso, Florentino Badiola, Arrate Etxebarria, Sandra Fdez. Agirre, Miren Gaztañaga, Na Gomes, Mikel Losada, Gabriel Ocina, Pako Revueltas, Leire Ucha, Maria Urcelay. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 9.Pasadizo batekin ekingo diogu gaurko kritikari. Macbeth-en aurkezpena Bilboko Arriaga plazan egin zen, Opel Rekord polit bat irudiaren protagonista zela. Mafioso plantak egiten jaitsi dira autotik Mikel Losada eta Florentino Badiola, eta jardunean hasi dira flashak eta kamerak. Kaleko jendea jakin-minez. Nigandik hurbil igaro dira bi gizon, eta batek besteari azaldu dio: «Antzezlan bat omen da: Manfred».
Benetako emankizunean ere agertu da nire ametseko auto maitea, baina pantailan proiektatua, Macbeth eta enparauek Norvegiako erregearen kontra izandako borroka pistolekin eta mendiko pista batean irudikatuta. Alex Gerediagaren ibilbidea ezagutzen duenari ez zaio arraroa egin hasiera zinematografiko hori, berak gidatzen duen Khea Ziater proiektuan antzerkia eta zinema uztartzen direlako. Abiapuntu emankor horretan zentratu behar gara klasikoaren bertsio erdi eszeniko erdi zinematografiko hau ulertzeko, eta kontuan ez eduki antzezleen artean izandako amildegiak, bai antzezpen-mailei begira, bai eszenan antzeman ez den talde-sentsazioari begira. Esandakoari ahots askoren proiekzio makala gehitzen badiogu, larria izan liteke, baina gogoratu: hemen ez gaude antzerkiaren eremu hutsean, eta muntaia beste ikuspegi batetik sortu da. Agian, horregatik geratu da aktore-zuzendaritza bigarren plano batean, lehentasuna irudien indarrari ematearen ondorioz.
Beste kontu bat zen ea oraingo bertsioan jatorrizko testua entzungo ote genuen, eta alde horretatik esan beharra dago zuzendariak murrizketa egokia egin duela, soberako errepikapenak kenduz, bigarren mailako pertsonaiak bateratuz eta sorginkeria bat eginez sorginen kopuruan. Niri, ordea, gehiago gustatuko zitzaidakeen pertsonaien bilakaera eta genero-ikuspegia garatu izan balira —Lady Macbeth urrezko aukera da horretarako—, bestela kondenatuta baikaude klasikoei azaleko gaurkotzeak ematera, ganorazko auzi sakonei inoiz heldu gabe.
Dudarik gabe, eremu eszenikoaren diseinua izan da emanaldia aurrera ateratzeko tanto nagusi bat, funtzionaltasun handiz eratu direlako argumentuak eskatutako lekuak eta giroak, eta nolabaiteko abstrakzioa eman diolako istorioari. Era berean, panel batean proiektatua ikusi dugu Duncan erregearen hilketa, eta interakzioan ibili da azken uneetako Macbeth Birnamgo baso filmatuarekin, baina horiek izan dira pasarte interaktibo bakarrak, gainontzekoak eszena filmatu hutsak edo pinudi monotonoen proiekzioak izan direlako.
Amaitzeko, bikaintasunaren alorrean aipatuko ditugu Jon Gerediagaren euskaratzea, Mikel Losada (Macbeth), Miren Gaztañaga (Lady Macbeth) eta Gabriel Ocinaren (Duncan erregea) antzezpenak, eta bereziki, Belako taldearen musika, distira eta sakontasuna eman baitio esperimentu eszenikoari. A! Eta ez joan antzokitik zapuztuta antzezleak txaloak eskertzera irteten ez badira. Zuzendariaren hautua omen da, filmetan ere aktoreak ez direlako pantailatik irteten jendea agurtzera.