Alexandre Marius Jacobi buruzko komikia argitaratu du duela gutxi Txalapartak. Bego Montoriok euskarara zein gaztelaniara itzulita, Matz eta Chemineau bikotearen lanak Frantziako lapur eta errebelde ezagunenetako baten bizitza ekartzen digu, aurretik Jacob. Recuerdos de un rebelde (2015) liburuan argitaletxe berberak hasitako bidetik.
Jacob uste osoko anarkista izan zen, autonomoa eta ilegalista, balio eta konbikzio irmokoa. Berezko sendotasun horrek bustitzen du komiki osoa, eta protagonistaren izaerak egiten du distira ororen gainetik, datu biografiko ugari eta zehatzak baino haren jarrera eta pentsamendua lehenesten baitira. Hala, enpatia handia sortzen duen lapurra da, justizia instituzionalean sinistu ez arren mundu justu batekin amestu eta hura borrokatzen duen gizon xehea baita. Aberatsei lapurtu, beharra dutenei emateko; bizia arriskatu, baina ez norberaren probetxurako. Hala ere, idealetatik haratago, karisma handiko pertsona bat erakusten du liburuak, eta hortaz, bere ausardiak, umoreak eta samurtasunak gerturatzen du irakurlearengana. Ez da pertsonaia akasgabea, bai ordea okerrak onartzen dituena. Ondorioz, komikian zehar behin eta berriz nabarmentzen dira hipokrisiarekiko zein injustiziekiko gorrotoa, Jacoben izate herrikoia, eta batez ere, leialtasuna.
Bost ataletan bereizita, haurtzarotik heriotzera arteko pasarte nabarmenenak kontatzen dira. Istorioaren hezurdura epaiketa garrantzitsuenak egituratzen duela esan daiteke, bertan egiten dituen deklarazioak baitira denboran atzera egiteko aitzakia nagusia, eta epai haren ondorioak agerrarazten baitira laugarren ataletik aurrera. Hala ere, epaiketa-giroak ez du pisu garrantzitsuena hartzen komikian, eta beraz ez dio bizitasunik kentzen. Zirraragarria da bizitako prozesu pertsonala ikustea: gaztetxotan gizakien doilortasunak emandako zaplaztekoa, gaztaroko politizazioa, lehen kartzelaldiak hauspotutako boterearekiko erresistentzia. Haren ondoren hasten da gorpuzten lapurraren mitoa, kolektibotasunaren eraikitzea eta lanaren profesionalizazioa, epaiketa handiarekin batera amaituko dena: biziarteko lan bortxatuetan ezagutzen du gizakiaren aurpegirik ilunena. Azkenik, zahartzaroak eta heriotzak hartzen dute lekua, eta amaiera hunkigarria du benetan, espero gabekoa.
Liburu dinamikoa da, erritmo bizikoa. Irudiek testuak baino pisu handiagoa hartzen dute gehienetan eta koloreek joko handia ematen dute, talka konplexuak sortuz pobreziaren, gauaren, lapurren gris-marroi-urdin itzalien eta aberastasunaren, doilorkeriaren, zigorraren hori-gorri bortitzen artean. Akaso, itzulpenari zenbaitetan freskotasun apur bat falta zaio, baina abiadurari eusten dio. Epilogo batekin amaitzen da, pertsonaia eta testuingurua guztiz kokatzen laguntzen duena.
Ezin aipatu gabe utzi Jacoben bizitzak munduan zehar biderkatu zituen ameslariak. Boterearen kontra altxatzen bazara, hartu komiki hau esku artean eta Lucio Urtubiaren itzalak ikusiko dituzu maletinak galtzen diren kalexketan, liburuen orri artean, irri bihurrien ertzean.
'Jacob. Gaueko langilea'
Managaitzaren lilura
Gidoilaria: Matz. Marrazkilaria: Leonard Chemineau. Itzultzailea : Bego Montorio. Argitaletxea: Txalaparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu