KRITIKA. Beldurrezko Astea

Mamuen berragerpena

Beñat Eizagirre Indo.
2016ko azaroaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Sadako vs Kayako'



Zuzendaria: Koji Shiraishi. Herrialdea: Japonia.Iraupena: 98 minutu.

Japoniako beldurrezko generoan 1990eko hamarkadan mugarri izan ziren Ringu (Hideo Nakata, 1998) eta Ju-on (Takashi Shimizu, 2002) filmetako espiritu maltzurrak dira Koji Shiraishiren lan berriko protagonistak. Shimizu bera eta Koji Suzuki Ringu eleberriaren idazle ospetsua arduratu dira gidoia idazteaz. Eta, imajina dezakegun moduan, Sadako vs Kayako ez da batere berritzailea, ezta iradokitzailea ere, baina hotzikara eragiten duela aitortu behar da. Egileak sagaren jarraipen honekin ez du ezer apartekorik eskaintzeko asmorik, guztiz konbentzionala baita filma, baina argi dago egitasmoak bilatzen zuen helburua betetzen duela. Egileak ikara sorrarazteko darabilen baliabidea ez da inolaz ere sofistikatua, baina eraginkorra dela ezin uka daiteke. Izan ere, ezustekoen bidez ikuslearengan hotzikara eragitea lortzen du, eta espirituak agertu bitartean tentsioa ziurtatuta dago. Proposamena konbentzionala izanik ez du ikuslearen oroimenean denbora askorik iraungo, azken batean, nerabeentzako produktua da honako hau. Entretenimendu soila izanagatik ez du esan nahi balekoa ez denik, baina, zoritxarrez, ez da Train to Busan. Istorioari dagokionez, berritasun modura Sadakok bideotik DVDra jauzi egin duela aipatu behar da, eta bideo madarikatua Interneten birus bat bezala hedatuko da ondoren. Sadako eta Kayakoren arteko norgehiagoka ere jazotzen da bukaeran, baina gertaera horiek ez dute pisu nabarmenik istorioan. Protagonista nagusiak bideo hilgarria erosi duten Yuri eta Natsumi unibertsitateko ikasleak dira, batetik, eta etxe madarikatuaren ondora mugitu den familia bateko neskatoa, bestetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.