Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Mamu zahar bitxiak

Jean-Pierre Leaud aktorea du protagonista Nabuhiro Suwa zinemagilearen filmak. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 30a
00:00
Entzun

'Le lion est mort ce soir'



Zuzendaria: Nobuhiro Suwa. Aktoreak: Jean-Pierre Leaud, Pauline Etienne. Herrialdea: Frantzia-Japonia. Iraupena:103 minutu.

Japoniarra edo frantsesa izan zitekeen izenburu poetiko samar bitxia, baina egiatan haurrentzako The Lion Sleeps Tonight abesti popularrari dagokio. Nobuhiro Suwa zinemagile bitxiak, heriotzaren metafora irudikatzeko, zinema egiteko ilusioari buruzko ariketa bitxia egin du. The Disaster Artist-en mezu eta ilusio berbera islatu nahi izan ditu: zinema egitea zinema egitearen plazer hutsagatik, beste ezertan pentsatu gabe. Naif artearen gorazarrea dugu hau, berriz, ipuin sailkaezinaren itxuraz.

Hala, ekialdeko beste zuzendari batzuekin gertatu ohi den moduan, ume batek edo zinema ikasle batek zuzendua eta idatzia dagoela dirudi. Gidoiak kontatzen duena zera da: Jean aktore urtetsua, bere film berriaren etenaldi batean, Frantziako hegoaldeko lagun zahar bati bisita egitera joango da, eta etxe abandonatu batean finkatuko da ezkutuan. Bertan, bere bizitzako amodioa mamu gisa agertuko zaio. Bat-batean, zinema ikasten ari diren ume batzuek etxe bera aurkitu, eta beldurrezko film labur amateur bat egingo dute, Jean protagonista bilakatuz.

Jean aktorea hasieran grabatzen ari zen filma, umeak etxean grabatzen ari direna, eta Nobuhiro Suwarena, pelikula bera direla ohartuko gara segituan. Lehenengoan, Jeanek bere heriotza antzeztu behar zuen, eta bigarrenean, heriotzarako prestaketa antzeztu/egingo du. Hiruren artean elkarrizketa sortzen da, eta hirurek dirudite inprobisatuak; umeetako batek metrajean zehar dioen bezala, «gidoia zertarako?». Amateurismoaren kutsua protagonistaren antzezpenera erantsiko da. Jean-Pierre Leaud aktore frantses mitikoa dugu hau, nouvelle vague mugimenduko film ikonikoetan lan egindakoa.

Filmak, duen itxurazko erraztasunaren atzean, heriotzari eta iraganeko mamuei buruzko gogoeta sakon eta malenkoniatsua irutea lortzen du, japoniar erara, ezinbesteko sinbolismoa barne. Suwaren filmak zinemak eskaini ditzakeen gairik ederrenetarikoak jorratu ditu: bizitzaren gainbeherako konpainia, iraganeko mamuekin elkarrizketa eta bizitzeko ilusioa. Bizitza eta heriotza alaitasunez ukituko dira, gaztaroa eta zahartzaroa elkarrekin dantzan jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.