KRITIKA. Zirkua

Maluta berezia

Agus Perez.
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun

'Maluta VI'

Konpainiak: Ganso & Cia, Toli, Barre, Sarini Zirko, D'Albeniz. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa (Bizkaia). Eguna: Urtarrilak 3.

Urte aldaketa guztietan bezala, Maluta izeneko zirku-jaialdia antolatu dute Ganso & Cia konpainiak eta Durangoko San Agustin aretoak, baina oraingo egoera bereziak berezi egin du seigarren edizio hau. Izan ere, bikoiztu egin da emanaldien kopurua, abenduko azken egunetako datei urte hasierako beste batzuk gehituta, formulak ikusleengan sortutako arrakastari erantzun ahal izateko.

Bestetik, aurreko urteetan sei bat taldek edo artistak aurkezten zituzten beren saio laburrak —hamar minutu ingurukoa haietariko bakoitza—, eta haien artean beti aurkitzen genituen hemengo zein kanpoko konpainiak. Aurten, ordea, gutxiago izan dira gonbidatuak lau guztira eta Euskal Herritik irten barik etorri dira guztiak.

Urtero legez, Gorka Ganso eta Cecilia Paganini —Ganso & Cia— ibili dira aurkezpen lanetan, berbarik esan gabe, beti bezala, gaualdiko ekitaldi bakoitza inspirazio iturritzat hartuta eta beren ohiko pertsonaia tolesgabe, jaiotzetik despistatu eta beti optimisten roletan sartuta: edozein truku egiteko hamaika ekinaldi behar dute, eta etsi direnean ezustean ateratzen zaie, inork jada espero ez zuen unean; txabusinako botoi bat askatzea odisea bihurtzen zaie, eta, azkenean, atzealdetik zabaltzen zen arropa; truku bakoitzean agerikoa da tranpa, eta hala ere —edo horregatik beragatik— barre algarak pizten dituzte gugan, umore onez hain urri gabiltzan garaiotan, beren buruari egindako parodia sublimeak tarteko.

Gaualdira bereziki gonbidatutako artisten artean, lehena izan da andaluziar itxurako malabarista Toli izenekoa, eta pilota zuriekin egindako jolasek trebezia ona erakutsi dute, batez ere eskaileretan maneiatu dituenean. Hurrengo ekitaldian Barre konpainiaren artista bakarra etorri da, bere kale-garbitzailearen orgatxo eta erratzekin. Erratz haiekin eta zikina jasotzeko palarekin egin ditu bere akrobazia eta airetiko jolasak, eta originalak egin zaizkigu hiru eta bost erratzen kirtenekin egin dituen malabarismo dibertigarriak.

Hirugarren ekitaldia Sarini Zirkoko Sara Alvarezen esku egon da. Begi formako trapezio batetik eskegita, bere teknika ona erakutsi digu, eta harridura ere sortu, begiak zapi beltz batekin estalita jokatu duenean. Eta azkenik, kategoria handieneko saioa etorri da D'Albeniz izeneko ilusionistaren eskutik. Presentzia handiarekin agertu da taula gainean, argiztapen berezian eta musika erdi epiko erdi enigmatikoan bilduta, eta esku nahiz besoekin egindako mugimenduei kalitate koreografikoa emanez. Kartekin ibili da gehienbat —zuri-zuriak haiek guztiak— eta harrigarriak egin zaizkigu haien aitzakiaz eta isiltasun osoz egindako esku-jolas etengabeak.

Amaitutakoan, Maluta idatzita zekarren pankarta batekin paseatu dira Ganso eta Paganini ikusleen artean, pankartaren makilak eskoba bat eta lanbas bat zirela, halako batean oihala apurtu eta bakoitza bere aldetik ibili behar izan diren arte. Ezin zen bestela amaitu aurtengo Maluta berezia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.