Bamba Wassoulou Groove eta Joss Stone
Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailaren 25a.
Malitik etorri zaizkigu lau musikari zoragarri. Baita abeslaria ere: Ousmane Diakite; isipua eskuan eta buruan kapelu berezi batekin azaldu da. Ikusleak zirikatzen aritu da hasieratik. Saltoka dabilen bitartean, indarrez abesten du: afrikar doinuak ditugu gure aurrean, bene-benetakoak, eransgarririk gabekoak, naturalak. Gitarra joleek, Mamadou Bainy Diabatek zein Moussa Diabatek, riff zoragarriak egiten dituzte. Gitarra jotzeko era berezia dute; kora edo marinba baten doinuak diruditen gitarren notak iristen dira gure belarri europarretara. Festa lehertzear da, ikusleak hasiak dira banaka eta binaka dantzan. Apurka, gehienok ariko gara, Afrikako erritmoen menpe, gozatzen, dantzatzen. Euria uxatzea lortu ote du Diakitek isipuarekin?
Haren kontzertuaren ondoren, zortzi musikari, denak zuriz jantziak, heldu dira banan-banan; justuan sartu dira eszenatokian —telebistako kameraren atzean ezkutaturik geratzen zaigu gitarra jolea, bateria jolea kasik ez dugu ikusten—. Jotzen hasi dira. Joss Stone tul arrosazko soineko luze batekin agertu da eszenan. Sarrera ikusgarria izan da, Jazzaldiko azken ekitaldia handitasunez amaitzeko egokia. Stone, atsegin, irribarrez, oinutsik. Eta hasieratik soul bikaina atera da bere ahotik. Berba egiten du, dena atsegina da beretzat: lekua, jendea... zoragarria. Abesten, apurka, aingeru itxurako emakumea gordindu eta sakondu egin da; soinekoa aldatu, eta oraingoan lentejuelazko distiragarri batekin azaldu da. Publiko artera joan da abestera; euria ari du, baina berdin dio, ez da kikiltzen, irribarre egiten dio euriari ere, hanka hutsik, berdin dio, dena da atsegina.
Harremanik galdu gabe, ikusleei une oro galdetzen die aurrez aurre ea gustura dauden. Apurka, bere ahotsa iluntzen doa: gero eta indartsuago, sakonago. Barrenean daraman piztia irteten ari da. Aretha Franklinen abesti ezagunak abestu ditu, baita Janis Joplinek ezagutzera emandako Piece of My Heart ere —jatorrian Emma Franklinek grabatu zuen—; ikuskizuna lehertu da.
Zuriz jantzitako musikariak berotzen ari dira, eta koruak egiten laguntzen dioten bi emakumeak gero eta askeago daude; gitarra jotzaileak solo bikainak egiten ditu, dena emanda; baxu jotzailea slap erara ari da, indartsu eta sakon; saxo joleak, tenorra jo ondoren, saxo baritonoari heldu dio, solo sutsu bat egiteko.
Stonek nerabe zela hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta, 35 urte baino ez baditu ere, hogei urte daramatza abesten; hain zuzen, horixe ospatzen ari da gaur egun. Guk ere ospatu dugu bere kontzertua, baita erritual baten antza duen Jazzaldia ere; euria egin nahiz ez, Trinitateko ikusleak jaialdia bezain esker onekoak dira, Stone eta jaialdiko musikari guztiak bezain esker onekoak. Ederra izan da aurtengo Donostiako Jazzaldia.
Ostiralekoa. KRITIKA. Donostiako 58. Jazzaldia
Maliarrak eta soularen dama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu