Phyllida Barlow
Lekua: Hernaniko Txillida Leku museoa.Noiz arte: Urriaren 22ra arte.Lekukotasunean eta artearen sinbiosian sortzen diren irakurketak ez dira edonolakoak, faktore askok baldintzatzen gaituzte. Hala nola lekukotasunari lotutako iruditeriak hor daude. Esaterako, horren eredu da euskal eskulturaren inguruan XX. mendearen erdialdean sortzen hasi zena. Bada, nahiz eta euskal testuinguruan sortutako pieza eskultoriko guztiek iruditeria ofizial horri ez eutsi, iruditeriaren edota memoria ofizialaren pean eraikitako kanon estetikoak eskultura soil, higiezin, indartsuak hartzen ditu bere gain.
Kanon horren piezen artean ehuntzen dira Eduardo Txillidarenak, haren omenez eraikitako museoa horren adierazle estetikoa izanik. Erakusketa espazioa ez da areto batera mugatzen, erakusketa naturan integratzen baita, eta horrek erakusketa batean barneratzearen esperientzia berriztatu bat sortzen du.
Halatan, esperientzia horretan barneratzen garen heinean, bestelako ikuspuntu bat sorrarazten digu espazioak; eta, bestelako puntu hartan murgildu garelarik, Txillidaren eskulturak ez ezik beste artista baten piezak ere aurkezten zaizkigu: Phyllida Barlowren eskulturak, alegia. Kontrastea sortzen da museoaren parte diren eskultura higiezinen eta aldi baterako erakusketaren bidez museoan iragazi direnen artean.
Zabalaga baserrirantz gerturatzen garen heinean, Txillidaren piezekin talka egiten duten bestelako eskulturak aurkezten zaizkigu: forma organikokoak eta nolabaiteko mugimendu immanentea adierazten digutenak. Bi pieza dira, hain zuzen: Untitled: holder eta Untitled: fallengunstyresandplacard. Eraikuntzen gainazalek eta egiturek kontraste deigarria sortzen dute inguruan. Izan ere, Txillidarenek nolabaiteko homogeneotasuna adierazten dute, eta Barlowrenek testura ezberdinak erakusten dizkigute. Bada, nahiz eta Barlowren piezak eskala handikoak izan, handitasunak eta monumentalitateak baino gehiago, materialen espantsioak harrapatzen gaitu.
Izan ere, bere praktika eskulturaren legeen dekonstrukzioan oinarritzen da. Ildo honetan, erraz eskura daitezkeen materialak erabiltzen ditu: kartoia, oihala, zur kontratxapatua, buztina eta zementua. Halaber, material horiez egituratutako eskulturen eskala da ikuslea guztiz harrapatzen duena. Piezen monumentalitatea dela medio, nolabaiteko kutsu eszenografikoa eraikitzen baitute eskulturek; eta bide horretan, ikuslearen gorputza biltzen dute.
Baserrian sartzen garen momentuan, piezen handitasunari, egiturei eta formen adierazgarritasunari, kolore deigarri eta pluralak batzen zaizkie. Sentsazio ezberdinen dantza hori espazio itxi batean egituratzen denez, eskulturek gugan eragiten dutena biderkatzen da. Izan ere, eskulturek espazioa berregituratzen dute, espazioaren zentzu eszenografikoa areagotuz.
Lehenengo talka horretan, erakusketa espazioaren bi solairuak zeharkatzen dituen arkitektura aurkezten zaigu, esaterako. Bada, Untitled: tower holder (2020) espazioan integratzen da, horren parte bihurtuta. Integratze horren bitartez, nolabait etxeko pieza, eszena edota bertarako eraiki den dorre onirikoa simulatzen du; koloreak eta zementuak kutsu hura indartzen dute.
Bigarren solairuko eskailera igotzen dugun momentuan, sentipen oniriko hori areagotzen da, bertan espazioa berrantolatzen duen pieza erraldoi batekin egiten baitugu topo. Horma ematen du, baina haren zuzentasunak bestelako zerbaiten aurrean gaudela esaten digu. Berriz ere koloreek horren artifizialtasunaren berri ematen diguten arren, harmonia da atmosfera horretan arnasten dena.
Atmosfera horretan murgiltzen garen hainean, eta, geletan aurrera egin ahala, azkenengo espazioan pinturak aurkezten zaizkigu. Eta, zentzu horretan, artistaren egiteko moduen inguruko hausnarketa batek barreiatzen gaitu. Izan ere, pintura koloretsu horietan eskultura badagoela sumatzen da, bidimentsionalitatea atzean uzten baitute bestelako espazioei atea irekiz. Bertan, materialtasun, espazio eta atmosfera ezberdinak arnasten dira, eta horrek aurretik aurkeztu zaigunaren inguruko hausnarketa ere bateratzen du.
Barlowk mugak malgutzen ditu, eta malgutze horretan ikusezin bilakatzen ditu. Hari horretatik tiraka, eskulturak desagertu eta instalazio edota eszenografia bateratuak ehuntzen dira. Orduan, hau da geure buruari galdetzen dioguna: zeintzuk dira eskultura denaren eta ez denaren arteko mugak?