'For Ella': Jean Luc Ponty, Bireli Lagrene & Kyle Eastwood Trio / Patti Austin
Lekua: Mendizorrotzako kiroldegia. Eguna: Uztailak 14.
Aurtengo jazzaldiko azken-aurreko egunean beste urteurren bat ospatu dute. Jaialdiaren egoitza nagusian, Mendizorrotzan. Apirilaren 25ean ehun urte bete ziren Ella Fitzgerald, Ella, jaio zela, eta, datorren urteko apirilaren 25era arte, hainbat ekitaldi egingo dira haren omenez mundu guztian zehar. Horietako bat Gasteizen egin da, Patti Austinen bitartez, eta bikain aritu zen.
Ella Fitzgerald jazz abeslari ospetsu eta ezaguna izan zen berrogeita hamar urtean. Hamahiru Grammy sari irabazi zituen. Ahots bikaina zeukan, malgua, erregistro amaiezinekoa, denboragabea... Gasteizko Jazzaldiak, gainera, badu nahikoa arrazoi artista hari omenaldi berezia eskaintzeko, bi aldiz abestu baitzuen 1982. eta 1983. urteetan, eta jazzale guztiok gogoan betirako gordeko ditugun bi emanaldi eder eskaini. Herenegun, Mendizorrotzako oholtzan jarri zuten Ella-k berak emanaldi haietan erabilitako mikrofonoa, omenaldi gisa.
Patti Austin abeslariak Ella omentzeko asmatu duen egitaraua, For Ella izenekoa, ederra da. Zorionez, emanaldia ez da mugatzen omenduaren hainbat abesti ondo edo hobeto abestera, ez. Austinek Ellaren bizitza pertsonalean eta profesionalean esanguratsuak izan ziren hainbat abesti aukeratu zituen, eta, horiek abestu baino lehen, haren bizitzaren inguruko hainbat azalpen sakon eta interesgarriak eman zituen Gasteizen. Besteak beste, Ellaren bizitzaren hastapenak kontatu zizkien entzuleei: oso txikia zela abandonatu zutela gurasoek, eta, pobreziak jota, kalean bizi behar izan zuela. You´ll Have to Swing It (Mr. Paganini) erabili zuen Austinek haren bizitzaren atal horren aipamena aberasteko. Ondoren, Ellak berak eta haren garaiko jazz musikariek drogekin izan zuten harreman estua gogoratu zuen, eta A Ticket A Tasket pieza eskaini. Emakumeen eta gizonen arteko harremanak ere aipatu eta kantatu zituen, emakumeen aurkako bortizkeria tartean, The Man I love, Miss Otis Regrets eta Hard Hearted Hannah, abestiekin.
Duke Ellingtonekin izan zuen konexio musikala, berriz, Satin Doll ospetsuaren gogoratu zuen. Baita Ellak arras menperatzen zuen scat ahots teknikaren jatorria eta funtsa ere: be boparen garaietatik dator teknika hori, eta ahotsaren bidez jotzen dira beste instrumentuak jotzen dituzten nota guztiak.
Abeslari ederra eta dotorea izateaz gain, estatubatuarrek entertainer deritzen horietako bat da Patti Austin, egia esan. Agertokia erabat eta handitasunez menperatzen duen artista da. Atsegina eta profesionala. Omenaldi ederra egin zion Ellari Gasteizen.
Horiek guztiak baino lehen, hirukote berezia taularatu zen Mendizorrotzako kiroldegian: bi frantsesek eta Europan duela urte batzuk aritzen den estatubatuar batek osatzen dutena. Batetik, Jean Luc Ponty biolin jotzailea dago. Jazz progresiboan edota jazz rockeko abenturetan aritu zen 1970eko eta 1980ko hamarkadetan; fama lortu zuen, eta jazza egitera itzuli da. Gehiegi gustatzen zaio birtuosismoa erakustea. Hirukoteko bestea, bigarrena, Bireli Lagrene gitarra jotzailea da. Monouche jazzaren ordezkari ederra. Azkenik, hirugarrena, Kyle Eastwood kontrabaxu jotzailea. Clint Eastwooden semea da hirukote horretan zertan den asmatu zaila den musikaria, instrumentista gisa ez baitzuen erakutsi nahiko gaitasun. Itxura ederra dauka, baina, eta jende dezente erakartzen omen du. Hala ere, ikusle kopurua ez zen oso handia izan, jazzaldi honetan zehar gertatzen ari den legez.
Ikusle gutxiegi izaten ari da, jaialdiak eskainitako programazioak merezi duenerako.