Euskaraz gutxitan irakurtzeko aukera izaten dugun generoa argitaratu berri du Katakrakek: korrespondentzia. Amaia Lasak euskaratu ditu Rosa Luxemburgek kartzelatik bere lagun eta abokatu izan zen Sophie Liebeknechti igorritako eskutitzak; eta testamentu politikoa izango zen Ordena gailendu da Berlinen Luxemburgen testuarekin batera bildu dituzte liburuan. Hori guztia iraultzaile sozialistaren jardun politikoari buruzko argitaletxearen ohar batek irekitzen du, Lasaren hitzaurre batez eta Ignazio Aiestaranen hitzoste batez lagunduta.
Aipatu berri ditugun gutun horien epilogo gisa, jatorrizko edizioan ez zegoen baina euskarazko honetara ekarri duten gutun anonimo bat ageri da. «Ba al zekiten [zure borreroek] egunetan eta asteetan zehar eguneroko maitasunaz eta itxaropenaz mintzatu zinela?», diotso txertatuko gutun anonimoaren idazleak Rosa Luxemburgi, eta, egiazki, esaldi horrek ongi gordetzen du Luxemburgek bere lagunari idatzitako gutunetan irakur dezakeguna. Batek espero zezakeen alderdian burkide zuen Karl Liebeknechten emazteari bidalitako gutunetan espetxealdian zehar kanpoan gertatzen ari ziren mugimenduekiko jarraibideak edo informazioa partekatzea, baina, aldiz, maitasun adierazpenek betetzen dituzte orriok.
Korrespondentzia gauza liluragarria da, nahiz eta tarteka norberak beste norbaiten intimitatea urratzen ari den sentimendua izan dezakeen; testu politikoak osatzeko instrumentu beharrezkoa ere bada. Luxemburgen kasuan, kartzelan edertasunaz disfrutatzeari eutsi izan ziola antzematen da gutunetan; are, bizipoza antzematen zaie Sophieri idatzitako hitzei, zeintzuetan igorleak kartzelatik irtendakoan egiteko dituenen berri ematen duen. Ez zituen momentu bakar batez ere zalantzan jarri kartzelaldia amaitutakoan bizitzeko geratzen zitzaizkion urte luzeak. Aldi berean, ziegan giltzapeturik pasatzen zituen amaigabeko orduak samurtzeko baliatzen zuen edertasun estetikoaren plazera ere aipatzen da: natura, animaliak edo artelanak (literaturaganako aipamenak etengabekoak dira). Maitasun horren parte eta, oroz gainetik, lagunekiko atxikimendua agertzen da gutunotan; kanpokoen ibilerekiko interesa mantentzen du Luxemburgek espetxe barruan, eta ongizatearekiko arduratsu azaltzen da; oihartzun egiten digute Sophieri eskainitako lerrok: «Zu ere txori eta izaki horien atal bat zara, nire sentiberatasuna ere hunkitzen duzu, urrutitik bada ere».
Korrespondentziak jada ezagutzen dugun jardun politikoa osatzen badu ere, Ignazio Aiestaranek Luxemburgi hitzostean eskainitako alfabetoak iraultzailearen irudiaren zenbait alderdi argitzeko balio du: beste pentsalari marxistekiko desakordioak, teoriaren funtsak, eta abar.
Zaila egiten da adieraztea intimotasun horretatik voyeur lanetan aritzean sentitu dudan zirrara eta aldi berean zelako hunkigarriak izan diren pasarte asko.
Literatura. 'Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti'
Maitasunaren iraultza baterako manifestua
Idazlea: Rosa Luxemburg. Itzultzailea: Amaia Lasa. Argitaletxea: Katakrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu