Kritika. LIteratura

Maitasunaren aldamioak

Karmele Jaio / 'Maitasun kapitala'
Irati Majuelo.
2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

'Maitasun kapitala'

Egilea: Karmele Jaio. Argitaletxea: Elkar.

Emakume bat bere maitale ohiaren hiletan. Emakume bat hausnarrean, izan zuen maitasunari, izan ez zuenari eta bilakatu zenari buruz. Horrela abiatzen da Jaioren azken eleberria, eta amorantearen heriotzak eragindako lurrikarak antzaldatuta, Olgaren pentsamenduetan murgiltzen da ondoren, maitasunaren zein botere-harremanen aldamioak antzemateko asmotan.

Izan ere, lehen pertsonan mintzo da protagonista nobela osoan zehar; aldizka narratzaile orojakilearen lekua hartzen du, aldizka Martini zuzentzen zaio zuzenean, hildako pertsonaiaren bidez barne-bakarrizketarako bidea zabaltzen duelarik. Hartzaile-aldaketa horiek joko interesgarria egiten dute berez pertsonaia kopuru txikia duen eleberrian, perspektiba aldaketarako aukera ematen baitio idazleari. Hala ere, kontakizuna Olgaren ahotsetik jasotzeak desoreka nabarmena sortzen du: Martini buruzko gain-informazioa nabarmena da desamodioa bizi duen protagonista nagusiarekin alderatuta. Istorioak, beraz, Olgaren gorputza eta pentsamendua badu ere, begiak Martinentzat ditu ia esklusiboki. Maitasunaren erruz norbere izatea eta ingurua desagerraraztea eleberriaren muinera darama horrela Jaiok.

Espazioak urriak dira halaber, batez ere Olgaren buruan gertatzen baita nobela, haren baitan eraikitzen eta deseraikitzen baita Martinekin izan duen maitasun istorioa. Protagonistaren obsesioaren erakusle da eleberrian hausnarketek hartzen duten leku handia, baita keinu txikiei edo gizonaren mezu laburrei ematen zaien garrantzia eta horiek interpretatzeko eta berrinterpretatzeko saiakerak ere.

Alde horretatik, interesgarriak dira maitasun erromantikoari kritika egiten dioten erreferentzia artistiko eta literarioen txatalak, Laiaren tesiaren aitzakiari esker han-hemenka agertzen direnak. Olgaren gogoetei arnasa ematen diete, eta kontrapuntua osatzen dute nobelako maitasun-harreman nagusiarekin. Era horretan, Jaiok tradizio literario eta artistiko horien ildoan kokatzen du bere eleberria, gaia aurretik landu duten ezinbesteko autoreei aitortza egiteaz batera. Besteak beste, Ernaux-ren aitorpenekin, Milleten kritikekin, Kollontairen proposamenekin, Kahloren kontraesanekin berezko unibertso bat osatzen doa eleberrian zehar, azkenerako Olgaren ikaspenekin bat egiten duena.

Hala ere, tesi-eleberri bat izanik, istorioan bertan lan akademiko bat garatzea baliabide arriskutsua bilakatzen da zenbaitetan. Azken kapituluetan, teoria feministak ikaslearen idazketatik Olga, Bakarne eta Laiaren arteko elkarrizketetara egiten du jauzi, eta behartu samarrak geratzen dira. Ematen du Laiaren posizioa ideia batzuk azaltzeko baliatzen dela batik bat, eta horrek apur bat hankamotz eta zurrun uzten du bai pertsonaia, bai azaleratzen dituen diskurtsoak. Haatik, maitasunari buruzko lan interesgarria osatu du Jaiok, bizipenen eta gogoetaren arteko elkarrizketa ekidinezinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.