'Mommy'
Zuzendaria: Xavier Dolan. Aktoreak: Anne Dorval, Antoine-Olivier Pilon, Suzanne Clement, Alexandre Goyette, Patrick Huard Herrialdea: Kanada.Iraupena: 139 minutu.Xavier Dolanek 25 urte besterik ez du, eta Mommy-rekin, dagoeneko, zuzendari askok gainditzen ez duten langa igaro du, bosgarren film luzea baitu. Zuzendaria ez ezik, bere pelikuletako gidoilari, muntatzaile eta janzkeraren arduraduna ere izan ohi da. Hori gutxi balitz bezala, protagonista lanak ere beretzat gorde izan ohi ditu.
Haren biografiak argi erakusten duenez, gaztetasuna, ausardia eta zinemarekiko grina bizia, horiek dira Dolanen ezaugarri nagusiak. Maila zinematografikoan berezko estiloa garatu du oso denbora gutxian. Indar estetiko handiko irudiak ageri dira haren filmetan, zeinetan koloreek, enkoadratzeek eta janzkerek garrantzi berezia hartzen duten.
Frantziako zinemaren eragin nabarmenaz gain, hainbat zuzendari garaikideren arrastoa ikusten ahal da bertan; Pedro Almodovar eta Wong Kar-Wairena, esaterako. Nolanahi ere, Mommy orain arteko haren pelikularik estatubatuarrena da, bertan garai batean —1980ko eta 1990eko hamarkadetan, gaur egun apenas ez— egiten ziren drama gordinen traza baitu.
Era berean, ariketa bitxia egin du Dolanek film honetan. Bere lehen pelikulan —zinemagilea ezagutarazi zuen lana, J'ai tué ma mere—, gai bera landu zuen: ama eta semearen arteko erlazio gatazkatsua. Hartan, istorioa semearen ikuspuntutik emana zen —Dolanek berak jokatu zuen rola—, eta Mommy-n buelta eman dio egoerari: ama bihurtu du sentimendu nahasien katalizatzaile.
Modu horretan, familia drama interesgarria litzateke, baina zuzendariak jakin izan du gidoia are erakargarriagoa egiten, hirugarren elementua sarturik: auzokoaren rol misteriotsua. Sexualitatea eta iluntasuna uztartzen ditu, eta ama-semeen maitasun-gorroto harremanari nolabaiteko oreka emanen die, betiere protagonismo handiegirik hartu gabe.
Mommy ez da pelikula borobila: gorabehera batzuk ditu hainbat egoeraren garapenean. Hala ere, hizki larriz idatzitako drama bat da, non pertsonaiekin batera maitasuna eta ezintasuna tentsio etengabean mugituko diren.