KRITIKA. Antzerkia

Maitasuna eta abenturak

Agus Perez.
2015eko abenduaren 29a
00:00
Entzun

'Amour' eta 'Moby Dick'

Konpainiak eta lekuak: Marie de Jongh (Bilboko Arriaga antzokia) eta Gorakada (Kultur Leioa aretoa). Egunak: Abenduak 23 eta 26.

Gabonak egun aproposak dira etxeko neska-mutilekin antzerkira joateko, eta horren harira hitzik gabeko eta mezu handiko antzezlan bat estreinatu du Marie de Jongh konpainiak, maitasuna gaitzat hartuta: umetatik jaiotako maitasuna, emakumeen arteko maitasuna, zahartzaroraino heltzen den maitasuna eta beste maitasun asko. Maitasunak alde asko hartu ahal dituelako, eta ez beti sexu desberdinekoen artean, eredu konbentzionalak kontrakoa erakutsi digun arren.

Konpainiaren estiloari fidel, muturreko fineziaz eta buruargitasunez eraman da istorioa eszenatokira. Gainera, oraingo honetan maskarak baliatu dituzte aktoreek, horrek dakartzan zailtasun guztiekin, pertsonaien adierazkortasuna beste bide batzuetatik landu behar baita. Baina taldeak nota bikaina atera du erronka horretan Elisa Sanz zuzendari artistikoak lagunduta, eta arlo horretan nabariak izan dira antzezle guztien prestakuntza trinkoa eta keinuak eta jarrerak sakon ikertzeko ahalegina.

Arriaga antzokia ekoizpen kidea izanik, maila gorenekoak izan dira antzezpenen inguruko alderdi guztiak, konpainiaren norabide estetikoa azpimarratuz. Eszenografiaren diseinu eskematikoak dinamismoa ahalbidetu du dramaturgiak eskatutako prozesuetan, eta aktoreek beraiek bizia eman diote, lekuak eta objektuak apainduz marra zuri adierazgarriekin. Argiztapen delikatua, jantziak eta maskarak ere aipatzeko modukoak izan dira, eta, zalantzarik gabe, Pascal Gaigneren musika zoragarria izan da lan honetako funtseko elementua, kontakizuna hasieratik amaiera arte bideratu baitu.

Moby Dick euskarazko antzezlana, aldiz, bere bidea egiten ari da aspaldion Gorakada taldearen eskutik. Kalitate bikaina eta irudimena izan dira taldearen betiko ezaugarriak, eta kasu honetan ere abilezia handiz ekarri dute eszenara XIX. mendeko eleberri famatua. Herman Melvilleren liburu mardula handinahitasun astunetik askatu dute, istorioa bere muineraino arinduta, eta protagonista nagusien nortasun bitxiak —Ismael abentura zalea, Queequeg arpoilari exotikoa eta Akab kapitain beldurgarria— narrazioaren gatz eta piper bihurtu dira, bost antzezleen dohain eta gaitasunei esker.

Ekintza eta eszenak girotzeko, elementu arrunten erabilera sormentsuan oinarritu da taldea, eta Javi Tiradoren eraginez edozer gauza irudikatu dute baldeek, oholek, makilek eta sokek, baina haien artean rol nagusia jokatu du ate, ohe zein mahai izan den egurrezko egiturak. Bestalde, antzezle taldearen barruan zuzeneko musikari eta aktore ibili dira Fran Lasuen eta Unai Laso, abestiak gidatzen eta biolina eta soinu txikia jotzen, eta horrek balio erantsia eman dio muntaiari, batez ere kontuan izanda partiturek herri kantetan eduki duten inspirazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.