KRITIKA. Musika

Mahler-Inbal

2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun

BOS

Egitaraua: Gustav Mahlerren 5. Sinfonia. Zuzendaria: Eliahu Imbal. Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia. Eguna: Apirilak 25.

Eliahu Inbal zuzendariaren etorrera zorionekoa izan da, bai Bilboko Orkestrarentzat, bai Euskalduna Jauregira Gustav Mahlerren 5. Sinfonia entzutera hurbildu zen publikoarentzat. Izan ere, orain dela bi urte gozatu genuen israeldar zuzendariaren gaitasunaz eta BOSen mailaz —hasieran kostata izan bazen ere— konpositore berberaren 7. Sinfonia interpretatzeko sasoian. Aurtengo 5. Sinfonia-ren kasuan, errepikatu egin da Imbalen bikaintasuna eta BOSen esfortzua hark jarritako mailari eusteko, publikoaren gozamenerako.

Mahlerren 5. Sinfonia ezagunena da, aniztasunez beterik dago-eta konpositoreak dituen gaien bilduma. Diferentzia dago hasierako zatiaren eta gainontzeko zatien artean, hala intonazioaren mailan nola gaietan. Hasierako zatiak bi mugimendu ditu, eta zati malenkoniatsua eta tristea da, barruko dardara du. Gure kontzertuan, Inbalek tentsioa zabaldu zuen bilbotar musikarien artean Trauermarsch edo Hileta Martxa deritzon elegia airearekin. Tronpeta bakarlariak protagonismoa hartu zuen bertan fanfarrearen aurrean, eta modu egokian gainera. Ubide triste beretik doa bigarren mugimendua: Sturmisch bewegtedo ekaitz moduan. Bertan, lehenengo martxaren gelditasuna apurtu egiten da. Eta gure orkestrak egoki jo zituen lehenengotik zetozen gaiak, dinamika eta tonalitate desberdinetan, haizezko metalezkoek korala abestu zuten arte. Hirugarren mugimenduan hasiko zen bakea, baretasuna, poztasuna eta amodioaren zatia, ezohiko scherzoarekin. Gure saioan tronpa bakarlariak hartu zuen protagonismoa, modu ederrean, eta horrek hasiera eman zion izadia, bizitza eta poztasunari eginiko aipamen ia neurotikoari, Landler eta Balsen karruselenbitartez, bata bestearen atzetik baina ez Straussen moduan, baizik eta iturri desberdinetatik datozen doinu independente manipulatuz. Laugarren mugimendua da Mahlerrek duen doinurik unibertsalena, Luchino Viscontik Heriotza Venezian filmean erabili zuen gai nagusia: Adagietto ospetsua, amodioari eginiko kantua, Alma emaztea gogoan. Gure kontzertuan, zuzendariak modu orekatuan konbinatu zuen harparen protagonismoa harizko orkestraren adierazkortasunarekin. 5. Sinfonia bukatzeko, Rondo Finale dator allegro giocoso denboran, eta lied baten aipamena egin zuten fagotak, oboeak, tronpak eta klarineteak. Hortik aurrera, orkestrak estilo fugatuari ekin zion ondo —ironiaz garatua batzuetan—, azken koral apoteosikora heltzeko. BOSen ahalmena adierazteko, egokiena.

Eliahu Imbalek modu ederrean zuzendu zuen benetan konplexua den sinfonia: instrumentu eta familia guztiei sarrera emanez, espresioa atereaz uneka, harmonia horizontaleko labirintoan gidari eta monumentu musikalaren arkitekto. Gozamena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.