'Txirula magikoa' 'singspiel'-a
Musika zuzendaria: Alfonso Romero. Orkestra: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Abesbatza: Easo abesbatza mistoa eta Eskolania. Lekua: Kursaal Auditoriuma. Eguna: abuztuak 11.
Wolfgang Amadeus Mozarten singspiel famatuenetarikoa da Txirula magikoa; singspiel bai, eta ez opera; kantatzeaz aparte hitz egin beharreko pasarteak azaltzen direlako. Aurtengo Hamabostaldikoa oso kosmikoa izan da. Sarastro eskrima jokalariz jantzita, geroxeago astronauta eta obra hasieran hegazkin arteko gudu iskanbilatsua. Berriztapen xelebreak eta sentsazio ona, ez izugarri ez penagarri, oro egoki. Gizonen eguna izan zen, Kenneth Tarver tenorra Tamino bikainean eta Dimitry Ivasxenko errusiarra Sarastro ozen eta sineskorrean. Leigh Melrose Papageno dibertigarri bat izan zen, eszena mugimenduetan kantatzean baino abilago; emakume roletan, aldiz, denetarik. Auxiliadora Toledano espainiarra txukun, Pamina-ren arian ikaratsu baina Papageno-rekin jorratutako duoan dotore. Papagena sentsuala Marife Nogalesen ahots maitekorrean handiagotzen zen bitartean, hainbeste espero den Gaueko Erregina makalegia izan zen; Jeanette Vecchionek arazoak izan zituen bere aria famatuan eta bere ahots txikiegiarekin ez zuen entzulea harrapatu.
Eszena esparruan, Alfonso Romerok esku-ohean etzanda dagoen printze gaixoaren gogoetak islatzen ditu agertokian, Mozarten singspiel-a bizitako pasadizoak berrikusteko erabiliz. Erritmo falta nabariegia pairatu zuten Papageno eta Tamino-k beren ibilbidean, elkarrizketa geldiegiak eta aurrera bidean motelegi. Musikalki Jaime Martin flauta jotzailea garbi azaldu zen zuzendari lanetan, tempi egokiak eta bakarlarien nondik norakoetan azkar aritu zen; hori bai, Euskadiko Orkestra orekatzean, batutan soinu gehiegitxoa azaldu zuen ahots txikiak laguntzerakoan, oreka galduz eta ahotsak estaltzeraino. Easo abesbatza ziur, bai gizonezkoen biribiltasunean, bai emakumeen distiran. Lan zoragarria goraipatu behar da Eskolaniako hiru gaztetxoak aipatzean; nahiz eta haien izenak jakiteko aukerarik ez izan, jostari eta irribarretsu azaldu ziren, kantatzean guztiz zoragarri. Lehen dama genuen Vanessa Goikoetxearen ahotsa etorkizunean kontuan hartzekoa izan zen, liluragarria bere rola! Txirula magikoa honakoan kosmiko!
Kritika. Musika Hamabostaldia. Kursaal Auditoriuma
Magiko eta kosmiko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu