KRITIKA. Artea

Luxua eta degradazioa

Mikel Onandia Garate.
2015eko ekainaren 30a
00:00
Entzun

'Jeff Koons.Atzera begirakoa'

Non: Guggenheim museoa, Bilbo. Noiz arte: irailaren 27ra arte.

Mendebaldeko tradizioaren gai nagusiak, maitasuna—zehazkiago, sexua— eta heriotza —zehazkiago, heriotzaren aurkako bizitzaren afirmazioak: arrakasta, luxua, boterea, edertasuna— dira Jeff Koonsen (Pensilvania, AEB, 1955) lanaren elementu zentralak;gizakiaren esentzia, funtsean. Kritikatua bezain laudatua, kitsch-aren artista ospetsuareneboluzioa eta ikuskera globala eskaintzen du Guggenheimeko atzera begirakoak, lehen begiradako azalkeria eta ponpositate hutsalaren barruan sekulako potentzia bisuala eta inplikazio kontzeptual konplexuko produkzio koherentea erakutsiz.

New Yorkeko Whitneytik eta Pariseko Pompidoutik pasatu ostean, kronologikoki antolatu dira Bilboko museoan arte merkatuaren burbuilaren kausa eta efektu den Koonsen azken 35 urteetako lanak. Ederrak, zatarrak, problematikoak, jenialak dira, kode sozialen zifratze apropiazionistaren fruitu, karga barroko batekin, arte kontzeptualaren, minimalismoaren eta pop artearen artean mugitzen diren obra sentsual eta basatiak.

Abiapuntua readymade duchampiarra da: aurretiaz existitu gailuak bere horretan edo manipulatuta, nola irudi eta objektuen konbinazio berriak, aukeraketa hutsetatik erreprodukzio zehatzetara bilakatu dira azken urteetan. Aluminio polikromatuzko hondartzarako pneumatiko koloretsuak eta mito garaikideak—Popeye, Hulk, Elvis—, amarru bisual hutsetatik harago, atzean ikerketa eta berrikuntza teknologiko etengabea dutela, perfekzio formal obsesiboko artifizio hiperrealak dira.

Fetitxismo industrialaren garaian, luxu elitistaren eta proletarioaren arteko mugak lausotu dira, terminoa bera birdefinitzeraino. Koonsen eskulturak dira luxua orain: jostailuzko trenak, ezinezko hilezkortasuna bermatzeko bitrina aseptikoetan gorde hodi malgu eta xurgatzaileko etxetresna elektrikoak, katakumeak galtzerdietan, lore-sorta ezin itsusiagoak, urtutako venusak, aseptiko eta inpertsonalak, perfektuak: zoriontasuna altzairu herdoilgaitzeko untxi bat da.

Estatus sozialaren eta sofistikazioaren sinbolo, produktu prosaikoen eta pertsonen arteko erlazioak, objektuekiko erakarmen irrazionalak agerian jartzen dira. Gurtu beharreko erlikia berriak, behar emozional eta psikologikoak asetzeko diseinatuak; ez bere erabilgarritasunagatik, baizik itxura eta indar estetiko nahiz sinbolikoagatik. Merkatu ekonomiaren oinarri den berrikuntzarekiko beharretik antzinateko estatuagintzaren berrinterpretazioetara, maitasun zerutarraren eta pornografiaren —Cicciolina ere ez da falta— nola publizitatearen estrategien azterketa soziologikoen barruan, etengabe erlazio dikotomikoak —oreka/desoreka, betetasuna/hutsa, femeninoa/maskulinoa— dira nagusi, konnotazio antropomorfiko eta sexual inozoekin maiz.

Artista gutxik lortzen du erakarmen-arbuio sentsazio hain bizia, batez ere Banality seriean: opari dendetako peluxe eta panpina gozoegi eta arrunkeriazkoak abiapuntu hartuta gauzatu piezek —tartean Michael Jackson and Bubbles delikatu eta zatarra, pietá postmoderno aztoragarria— judiziopean jartzen dituzte gure gustu eta nahimen ezkutuenak, irizpide estetikoen —pertsonal eta kolektiboen— nolakotasunaz eta zergatiaz galdetzera garamatzatenak.

Ordura arteko lanaren sintesi den Celebration da Koonsen serie gorena: artearen historiako diziplina nagusiak —pintura eta eskultura— muturrera eramatean, tradizio kanonikoan txertatuz, pieza txundigarriak gauzatzen ditu, tartean inguruko errealitatea islatzen eta distortsionatzen duen Ballon-dog aparta.

Koons pertsonaia eta bere obra bereizezinak dira; hala, artelan plural eta ikusgarrien artean paseatu bitartean, anbiguotasun kalkulatuan mugitzen den artistaren baitan zinismoa ala kritika soziala gailentzen den erabaki guran, ezin uxa daitezke merkatuarekin zerikusia duten inplikazio etikoak. Halaber, sortzailearen osotasun moralari baino gehiago, haren obrari begiratu behar zaio, eta Koonsen arte fazatiak sekulako indarra du bere barruan: ez du esplizituki kritika instituzionalik edo ikerketa kulturalik gauzatzen; alta, horien objektu diren piezak ekoizten ditu, gehienetan balorazio negatiboa jasota ere, ikerlan teoriko asko baino konplexuagoak usu.

Artearen eta artistaren kontzepzio aldaketan protagonista, mugak zalantzan jarriz, apurtuz eta zabalduz, zentro eta periferia berriak definituz, Koonsen lana eta Koons pertsonaia azken hiru hamarkadetako mundu globalizatuaren erakusgarri ezin hobeak dira. Arrunta aparteko eta berezi bihurtzeko gaitasunarekin, gizaki eta gizarte garaikidearen oinarri eta kontraesanak zein gizakion izate primarioenak identifikatzeko abilezia bereziarekin,errekurtso bakunekin —tamaina, forma, kolorea, distira— eta iradokiz baina zehaztu barik, emaitza erakargarri eta aztoragarria lortzen du Jeff Koons simulakroaren paradigmak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.