'Lurbinttoko ohoinak'

Lurbinttoko larrean xiruri-xirure

Egilea: Adur. Argitaletxea: Elkar.

Irati Majuelo.
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Larre eremu bat Itsasu, Kanbo, Larresoro eta Ezpeleta herrien artean, baserri eta bordak, kanta herrikoi baten errepika... izan zitekeen euskal kostunbrismoaren paisaia idealizatua. Ez du, ordea, halakorik kontatzen batere Lurbinttoko ohoinen istorioak, bortxaz eta odolez zipriztindutako gertakariak baitira inguru horietan jazotakoak. Adur Larrea marrazkilariak jaso ditu bere azken komikian, EKE eta Elkar fundazioaren sormen bekari esker egikaritu duen proiektuan.

Oinarri historiko sendoko istorioa da Adurrek plazaratutakoa, ondo dokumentatua. XVIII. mende amaierako lapur-banda baten agerpena azaltzen du, Lapurdiko herrietan zenbait auzokide arpilatzen eta izutzen ibili zena. Ohoinen gorabeheretara iritsi aurretik, hala ere, lapurrak jardun horretara eraman zituen testuinguru zehatza agertzen du: Frantziako Iraultzaren ostean Espainiarekin hasitako Konbentzio Gerla, eta, haren ondorioz, ejerzito batean eta bestean aritu behar izan ziren euskaldunen patua. Frantsesen bandoan borrokatzeari uko egin zioten hainbat lapurtarrek, eta horrek ondorio latzak eragin zituen herri ugaritan: herritarrak etxegabetzea, Frantzia barnekaldera deportatzea eta ondasunak desjabetzea. Urte batzuen buruan euren herrietara itzultzean, asko etxerik eta lurrik gabe geratu ziren; amorru horretatik jaiotzen da Lurbinttoko ohoinen banda.

Egileak artxiboko lan handia egin du, baina informazioa biltzeaz gain, hari komiki forma ematen asmatu duelakoan nago, oro har. Izan ere, datu historikoak eta trama ongi uztartzen dira, eta, historiaren pasarte ilustratu bat izatetik urrun, fikziorako tartea ere zabaltzen da. Hala, istorioak bere kasa funtzionatzen du, eta dokumentazio historikoa komikiaren zerbitzura geratzen da. Horren adibide da Lurbinttoko ohoinen kanta herrikoiaren erabilera. Bertso horiek lapur-bandaren patuaren lekukotza dira, eta, halaber, komikiaren hezurdura egituratzeko baliatzen ditu egileak.

Horrenbestez, historiako gertakari handien eta herritarren historia xehearen arteko zubia egiten du Adurren lanak, ahanzturan geratzear zeuden gertakariak, izenak eta lekuak komikira ekarriz. Izan ere, gaizkile talde baten abenturak izan zitezkeen komikiaren motor, baina, horren ordez, marrazkilariak testuingurua eta arrazoi politikoak ezartzen dizkie ohoinei; historia pertsonala azalduta, humanizatu egiten ditu. Hori dela eta, komikiaren lehen herenak Konbentzio Gerlak eragindakoak azaltzen ditu, oso laburbilduta. Sintetizatzeko beharrak arazoren bat edo beste sor dezake istorioaren hasieran, haria jarraitzea zail gertatzen baita zenbaitetan, gertaera batetik besterako jauzien eta pertsonaien antzekotasunaren ondorioz. Hala ere, ezinbestekoa da lehendabiziko atala, komikiari oinarri historiko sendoa eta istorioari abiapuntu egokia eskaintzen baitizkie.

Ondoren, behin testuinguru historikoa ezarrita, istorioak martxa hartzen du eta irakurlea harrapatzen. Western bat bailitzan, herritarren mendeku-goseak mugiarazten du trama, arin eta jostari. Mugimendu askoko irudiak erabili ditu Adurrek, zuri-beltzaren iluntasun eta dramatismoari kontrastea egiten diotenak. Finean, istorio zirraragarria, paisaia idilikoak alde batera utzi eta gure lurretako historiaren pasarte zorigaiztoko bat gogorarazten duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.