Konpainia: Gilkitxaro. Antzezleak: Ane Zabala eta Galder Perez. Lekua: Bilboko Kafe Antzokia. Eguna: Otsailak 16.
Astronauta itxurarekin agertu dira Galder Perez eta Ane Zabala Kafe Antzokiko sototik eszenatokira bidean, «Irten gaitezen lur azpitik, har ditzagun agertokiak!» esango balute bezala eta hasiera horrekin ezin hobeto irudikatuz emanaldiaren esangura.
Berrogeietako adinaren atarian egon arren, adarretatik zintzilik bizi dira antzezlaneko bi protagonistak, hau da, ez autorik, ez hipotekarik, ez seme-alabarik... gizarteak eskatzen duen moduan, eta, urtemugaz baliatuta, beraien bizi-ibilbidea birpasatzeari ekin diote, umoretsu eta ironia finez, ohikoa duten legez.
Egia esan, emanaldian zehar ez dakigu inoiz non amaitzen diren Zabalaren eta Perezen pertsonak eta non hasten diren beraiek gorpuztutako pertsonaiak, hain da lausoa bi planoen arteko muga. Beste batzuetan ere —gehiegitan ere esango nuke nik— ikusi dugu horrelako planteamendu autobiografikorik, gaztelaniaz gehienetan, euskaraz ere bai, eta antzerki eskola batzuetan bultzatzen den infantilismo militantearen bidetik. Emaitzak, noski, negargarriak izan dira, produktu mota horietan dena dagoelako sortzaileen bizi-dentsitatearen menpe. Baina kasu honetan, zelan ez, kontrakoa gertatu da, eta ez bakarrik bi protagonistek bizitza pertsonalean duten gogo eta kemen agortezinagatik edo munduaz duten kontzientzia argiagatik, baizik eta beste kategoria bat eman dietelako beren bizipenei, samurtasuna eta gogorapenak ederto dosifikatuta eta norberaren gaineko umorearen aldarria eginez.
Elementu gutxiko eremu eszeniko batean aritu dira bi antzezleak, Tintinen abenturetako kohete zuri-gorriak espazioa zeharkatzen zuela eta aulki bi, ardo botila eta edalontzi bana zituztela lagun. Esan bezala, beren bizipenek ihes egin dute hutsalkeria eta zozokerietatik, eta haien artean lehen espazio-bidaiak, Oskorriren disko mitikoa, baten zein bestearen jaunartzeak, Kili-kili eta Ipurbeltz aldizkariak eta garai haietako iruditeri kolektiboaren ikonoak agertu dira, nostalgia puntu batekin, jakina, baina gehienbat nortasunaren osagai bihurtuta.
Azkenik, esan beharrik ez dago denak emanda ibili direla Zabala eta Perez beren antzezpenean, bizitzan bezala bide batez esanda. Galderrek parodia bihozberarako duen gaitasun guztia eskaini digu eskuzabal eta Ane Zabala bide beretik joan da, abegikortasunaz eta gauzengatiko distantzia kritikoaz hornituta. Bien artean umore mamitsua oparitu digute, eta bide batez mundu honetan astronauta ibiltzea zer den erakutsi.
KRITIKA. Antzerkia
Lur planetan astronauta
'Adarretatik zintzilik'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu