Hankak lurrean iltzatuta dituen irakurleari ez nioke gomendatuko liburu hau. Edo agian bai. Agian liburu hau gomendatuko nioke, iltzeak erauzi eta hegan egin dezan. Baina zertan sartzen den abisatuta, sustorik ez hartzeko, ezta muturrekorik ere.
Liburua bitxia da. Bitxi idatzita dagoelako (ikusi ni ere aldrebes idazten nola jartzen nauen!), eta bitxia delako kontakizuna. Beraz, bat datoz tonua eta istorioa.
Irakurketa arinekoa beharko luke, irudiak kenduta 50 orrialde ere ez dituen kontaketa baita—hamazazpi ataletan banatuta gainera—, baina pausatuki irakurtzera behartzen du. Pausatuki, bestela ez delako ulertzen zertaz ari den narratzailea, zertan dabiltzan Lur protagonistaren gurasoak, eta zer demontre den «hodeiko eskola» delako hori.
Lurrek berak ere zer haizek astintzen duen ulertzen lanak ditu. Baina denak du esplikazioa, edo hausnar-bidea, gutxienez. Hain zuzen, liburuxka hau horixe baita, gogoetan jartzeko aitzakia. Nik ez dut ia ezer ulertu, aitortzen dut. Soilik pasarterik sinpleenak. Esaterako, «amets handiak izan nahi dituenak lur hartzen jakin behar du» gustatu zait.
Haur eta gazte literatura. 'Eskola hodeian'
Lur hartzekotan
Idazlea: Nerea Arrien. Ilustratzailea: Estibalitz Jalon. Argitaletxea: Erein.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu