'Another Year'
Zuzendaria: Mike Leigh. Aktoreak: Jim Broadbent, Lesley Manville, Rith Sheen, Peter Wright. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 129 minutu.
Happyren begietatik zoriontasunari ipuin oso bat eskaini zion Mike Leighek, orain dela hiru urte. Sally Hawkinsek ekarri zuen alaitasun hura guztiz desagertu da zinemagile beteranoaren lan berrian, ez baitu batere komedia zantzurik agertzen Another Year-ek. Dena den, harrigarri izaten segitzen du ikusteak zinemagile eskarmentudun honek zer-nolako arintasunez filmatzen ahal dituen gai serio eta potoloak.
Haiz zuzen ere horregatik, sailkagaitza da Another Year. Kostunbrismoaren mozorropean agertuko zaizkigu pertsonaiak, bereziki bikote protagonista, baina kontatzen denaz kanpo, elipsian, izan badira kontu ugari. Egunoroko itxuraz lasaia urtaroen igarotzearen bitartez dago emana. Pausarik gabe aurrera doa denbora, eta lehen begiratuan gauzak ez direla aldatzen ematen badu ere, lur azpiko korronteak etengabeko mugimenduan daude. Eppur si muove.
Ohi bezala, sinpatiaz begiratuko die pertsonaiei, zorionekoak dira gutxi batzuk, zorigaiztokoak gehientsuenak. Eta zorigaiztokoak dira filmeko benetako protagonistak, Imelda Stauntonen atarikoak iragarriko duen moduan.
Zoriona joan-etorriko trena da gehienetan, ailegatuko dira momentu hobeak, ailegatuko dira nahigabeak. Hala ere, adin batetik aurrera, gurpil zoroa bihurtzen ahal da zorigaitza, kale itsua. Zurrunbilo horretatik nola atera jakin gabe mugituko dira Ken eta Mary. Lehenak, guztiz etsita, amore eman du, ez du borrokatzeko adorerik, hondoratzea erabaki du. Maryk, ordea, alegiazko mundu batean bizitzea aukeratu du, bere patua aldatuko da inoiz, fantasia ezinezkoekin amestuko du, eta bitartean, eskainiko dioten babesa bilatuko du.
Gerri eta Tom dira babes-emaileak, bai Maryri, bai inguratzen zaizkien guztiei. Bikote perfektu(egi)a da, denei inbidia eragiten dien horietakoa. Baina kasu, Leigh bera ere ez da haiekin gehiegi fio. Onberak eta ulerkorrak izaten ahal diren arren, oso argi dute nor eta noiz babestu, nola kudeatu haien orekaren soberakinak.
Mike Leighi familiaren aldeko aldarria egin izana leporatzen ahal zaio, pertsonaia batzuen izaera gehiegi azpimarratu izana leporatzen ahal zaio; hala ere, ukaezina eta miresgarria da britainiarrak filmatzen duen dotorezia, eta azalaren azpian dagoena modu sotil eta pausatuaz emateko duen abilezia.
Kritika. Zinema
Lur azpiko korronteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu