Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Lozorrotuta

urtzi urkizu
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'La práctica'

Zuzendaria: Martin Rejtman. Aktoreak: Esteban, Bigliardi, Mirta Busnelli, Manuella Oyarzun. Herrialdeak: Argentina-Txile-Portugal. Iraupena: 100 minutu.

Txileko Santiago hirian bizi den yoga irakasle baten gorabeherak kontatzen ditu Martin Rejtman zinemagile eta idazle argentinarrak La práctica-n, nahikoa graziarekin. Buenos Aireskoa da protagonista, baina hamar urte baino gehiago daramatza Txilen bizitzen. Haren emaztea ere yoga irakaslea da. Kontua da bikotea banandu egin dela. Emakumeak argi du banaketa, eta beste fase batera pasatu nahi du. Gizonak, aldiz, zalantza gehiagorekin bizi du banandu behar hori. Bikote terapiara doaz, baina alferrik. Eta terapia gidatzen duenak esaten dio gizonari «depresio txiki bat» pasatzen ari dela.

Hori gutxi balitz bezala, yoga irakasle protagonistak lesio bat izango du. Ai, belauna! Nahikoa komeri izango ditu belaunarekin. Gauza bat dela, bestea dela, protagonista lozorroan bezala dabil munduan.

Egoera horri zukua ateratzen dio Rejtmanek, komediaren hainbat osagai erabiliz. Ez du pelikulak sekulako gidoi birarik egiten, ez du zirrara handirik ere eragiten. Baina lozorro atsegin horretan, nahikoa ongi funtzionatzen du, eta Argentinako zinemagileak film arin jostagarri bat ontzea lortzen du.

Balirudike Sail Ofizialeko lehian sartu dutela La práctica, beste film zail eta gogorrago batzuen ikustaldia orekatzeko. Ez da jaialdiaren amaieran ikus-entzuleen oroimenean iltzatuta geldituko den lana izango.

Gogoratu behar da duela hiru urte Rejtmanek Eurimages saria jaso zuela Donostiako Zinemaldian, El repartidor está en camino filmarengatik. Lehendik ere harreman ona izan du zinemagileak Donostiako Zinemaldiarekin, eta honako hau du lehen aldia Sail Ofizialean lehian.

La práctica ez da ziur aski zuzendariaren lanik biribilena. Baina aretotik irteten den ikuslea irribarre txiki baten uztea lortzen du. Ordu eta erdiz tarte atsegin batekin gozatzeko aukera ere ematen dio ikusleari, buruhauste handirik sorrarazi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.