KRITIKA. Antzerkia

Lolita eta irakaslea

Agus Perez.
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun

'Rita'

Ekoiztetxea: Txalo. Egilea: Wily Russell. Itzulpena: Martin Agirre. Zuzendaria: Begoña Bilbao Lejarzegi. Eszenografia: Asier Sancho Senosiain. Aktoreak: Joseba Apaolaza, Aitziber Garmendia.Lekua: Santurtziko Serantes aretoa.Eguna: Martxoak 21.

Rita deitzen da, ez Lolita, baina Stanley Kubricken Lolita haren moduekin sartu da irakasle zaharraren bulegoan, literatura ikasketak burutu nahian. Tira, bulegoan bainoago, haren bizitzan sartu da, haize freskoaren antzera, eta hankaz gora jarri du zaharra bainoago zaharkitua geratu den gizon akademiko erdi miragarri erdi patetikoa.

Txalo ekoizpen-etxeak Willy Russell letra-gizon britainiarraren Educating Rita ekarri digu azken lan honetan. Russellen antzezlana 1980an estreinatu eta hiru urte geroago film bihurtu zen, Michael Caine eta Julie Walters protagonista zirela. Baina oraingo emanaldian zehar saihetsezina egin zaigu George Cukorren My Fair Lady (1964) filmarekin gogoratzea —Audrey Hepburn eta Rex Harrison protagonistak— eta, zelan ez, filmaren oinarri zuzena izan zen George Bernard Shaw-en Pigmalion (1913) antzezlanarekin. Eta aurrekarien sokari tiraka, Antzinaroraino helduko gara, lehenengo Pigmalion Ovidioren sorkuntza izan zelako.

Obra hartan artista bere eskultura batez maitemintzen omen da, eta XX. mendean zehar Shawek, Cukorrek eta Russellek mito hura eguneratu baino ez dute egin, gizon jakintsu eta zaharraren totema emakume gazte eta ezjakinaren pertsonaiarekin kontrajarriz. Gaurko parametroetatik ikusita, nahiko arbuiagarria irudi lezake alderaketak, baina esan beharra dago bai Shawen, bai bere epigonoen bertsioetan emakume ikasle eta gazteak gizon jakintsu eta zaharra gainditzen duela; patriarkatua kolokan jarriz, ahalduntze prozesu interesgarri baten bidez, eta happy end edulkoratua gorabehera.

Soziolinguistikaren ikuspegitik aipatzekoa da hiru egile anglosaxoiek ahoskera txukunari eta hizkuntzaren kalitateari emandako garrantzia; alde horretatik, aberasgarria egin zaigu euskararen eremura egindako translazioa. Izan ere, irakaslearen maila jasoa baina apur bat antigoalekoa, neskaren kale mailako euskara zabarrarekin alderatu da, en plan, no jodas, bua txabal eta enparauak han-hemendik tartekatuta.

Eszenografia ikustean, une batez uste izan dugu bueltan zirela berriz ere Txaloren marka izan ziren dekoratu usatuak, baina sitsek jandako giroa ondo zetorkion iraganean ainguratutako irakasleari. Bestetik, Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza berme sendoa dira edozein taularatzetan, eta bikote eszeniko perfektua osatu dute, bakoitzak bere pertsonaiari dentsitate polita emanda, eta bien arteko kimika eredugarrian murgilduta. Gauzak horrela, denbora di-da batean igaro zaigu, eta aretoa polito bete duten Santurtziko euskaltzaleek gogoz eskertu dute bien lana eta emaitza eszenikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.