'Heroiak'
Egilea: Gerald Sybleiras. Zuzendaritza: Begoña Bilbao. Euskaratzea: Ramon Agirre. Antzezleak: Jose Ramon Soroiz, Kandido Uranga, Ramon Agirre. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 20.Hiru agure maitagarri dira Heroiak antzezlaneko protagonistak. II. Mundu Gerran heroi izan zirenak gizarteak bazter utzita eta senideek ahaztuta bizi dira zahar-etxe batean, eta lorategiko terrazan ematen dituzte orduak eta egunak, betiko gaien inguruko hitz-aspertuan —gaztetako emakumeak, gerra kontuak...—, heriotzaren mamua hala edo nola uxatu nahian.
Gerald Sibleyras frantziarra goranzko joeran doan egilea da, eta lan honengatik —Le vent des peupliers (Lizarretako haizea)— Lawrence Olivier saria ere jaso zuen 2006an. Argumentuak, egia esan, ez dauka beste munduko garapen berezirik, eta ekintza eszenikoa hutsaren hurrengoa da, baina ondo ustiatzen ditu hiru protagonisten ezaugarriak, eta finezia handiz konbinatzen ditu beren ateraldiak, nahi sakonak eta beldurrak, tonu samurreko komedia gizatiar batean.
Izan ere, gehiegitan ikusten ditugu beren hutsalkeria abiadurarekin estali nahi duten antzezlanak, edo ekintza ekintzarengatik bilatzen duten muntaiak, baina kasu honetan kontrakoa gertatu da: Begoña Bilbaok men egin dio testuak eta egoerak eskatzen zuten patxadari, eta, ene uste apalean, tempoaren kudeaketa horretan datza antzezlan honen balio nagusietariko bat. Beste arlo batean, onartu behar dugu ahalegin berezi bat egin dutela hiru aktoreek ahoskera garbitzearen alde, baina ahotsaren proiekzioan nik uste dut motz geratu direla Arriaga antzokiko dimentsioetarako, eta seguru nago zailtasun horrek zertxobait apaldu duela dialogo distiratsu askoren indarra.
Dekoratu egoki baina ezin naturalistago batean, hiru aktoreen jakituria nagusitu da, Ramon Agirreren euskaratze txukun eta jatorraren laguntzaz. Agirrek neurriz eta abilezia handiz baliatu ditu bere antzerki-dohainak aristokraziatik etorritako militar baten pertsonaia sortzeko; Soroiz beti da gozamen bat taula gainean, bere ofizio eta dotorezia direla medio; eta Uranga orain arteko beste parametro batzuetan agertu zaigu agure baikorrenaren rolean, umore ona eta besteekiko laguntasuna zerizkiola. Hiruren artean komedia poetiko bat eskaini digute, bere tristezia puntuarekin eta guzti, zahartzaroko kontuei dagokien bezalaxe.