Maria Jimenez. 'Meditazioak'
Non: Nafarroako Museoan. Noiz arte: 2024ko martxoaren 17ra arte.Ehungintza abiapuntu duten bost piezaren bidez, Maria Jimenezek zentzumenak kitzikatzen dizkigun espazioa sortu du Nafarroako Museoaren kaperan, Meditazioak titulupean. Naturaren sakralizazioa erakusten da espazioan. Izan ere, artistaren helburua da naturaren ahalmen sortzailea aldarrikatzea, eta, aldarri horrekin batera, hari aitortza egitea. Hala, espazioaren izaera liturgikoa mantentzen da, baina, oraingoan, beste bat da liturgiaren hartzailea. Geuk ere horren parte aktibo izateko aukera dugu espazioan ikusten dugunaren aurrean, fedeari erreferentzia egiten dion kuxinarekin topo egiten dugun momentuan.
Egurra eta harria integratzen dituen espazio tradizional horretan, ehungintzak bestelako irakurketa bat sortzen du; horretan, arrosa-leihotik sartzen den argia laguntzaile erabakigarria du. Egurraren eta harriaren gogortasuna desegiten dute piezen eta argiaren arteko sinbiosiak, eta, elkarrekin, ehunez, kolorez eta forma organikoez osatutako atmosfera oniriko bat sortzen da.
Kakorratzez ehundutako zuhaitzen instalazioa da espazioaren mugikortasuna baldintzatzen duena. Eta, era berean, instalazioak kapera baso bihurtzen du; artistak asmatutako zuhaitzez ehundutako baso koloretsu.
Gure gorputza biltzen duen espazio horren ondoan, beste pieza bat dugu. Misterioak lanarekin elkartzean, ehunez brodatutako lau pieza aurkezten zaizkigu; koloreak eta loreak uztartzen dira bertan, kordel baten bidez elkarri lotuta daudenak. Kordela nolabaiteko erritmoa ematen dioten korapiloz osatzen da, zeintzuek erreferentzia egiten dieten katolikoen arrosarioaren misterioei. Naturaren itzulpen estetikoak diren piezak badira ere, estetika kristauaren hainbat ezaugarri bereganatu ditu artistak.
Horren eztanda bideratzen du Germen izeneko piezak. Izan ere, kaperaren erretauletako batean, sagrarioak egon beharko lukeen tokian, Jimenezen pieza bigun hori dago. Artistak artelan barrokoan esku hartzen du, eta beste zerbait sortzen du horren bitartez. Pieza bigunak hazi baten forma du, eta haren barnean hedatzen hasiak diren sustraiak sumatzen dira. Parean, hazitako sustrai horren fruituei erreferentzia egiten dion instalazioa dugu, puntuz ehundutako sei leka dituena: horia, laranja, gorria, morea, urdina eta urdin argia. Lurrera isurtzen dira, eta azpian dauden sei ontzietara erortzeko nahia adierazten dute nolabait.
Era berean, fruituen ernaltzearen adierazle da aldare nagusian zintzilikaturik dagoen oihala. Koloreen, loreen eta formen eztandaren aldarria da, eta erretaularekin lotura tematikoa bideratu nahi du, artistak lorez osatutako mandorla bat sortu baitu. Kontrastean oinarritutako erlazio kromatikoak sortzen dira, artistak erabilitako tonuak distiratsuak izanik, espazioa biltzen duten erretaulena bigarren plano batera pasatzen baitira. Bada, bigarren planoan geratu diren horietan proiektatzen dira basoaren koloreak, eta itzalak haien oihartzun kromatiko bihurtzen dira.
Hori urratuz, Alfredo Sada eskultorearen lana dugu erdian, moduren batean espazioan sortutako atmosfera onirikoa desegiten duena. Pieza txiki, mardul, irmo eta grisa da; forma organikoak mantentzen baditu ere, espazioaren osagai zurrunekin integratzen da, harrizkoa baita. Lotura zuzena du espazioaren sarreran aurkezten zaigun kuxinarekin, eta harekiko aurkaritza adierazten duela esan genezake: kolorea, azalera, materiala...
Meditazioak mostrak bestelako liturgia bateko kide izatera gonbidatzen gaitu espazioa zeharkatzen dugunean. Halatan, lorez lore, kolorez kolore eta ehunez ehun, aurreko gurtzekiko erreferentziak berrantolatzen ditu, estetikoki erakargarria den agertoki bat sortuz. Zenbaitetan espazioaren eta piezen arteko loturak lausotzen dira, eta beste batzuetan, berriz, estutzen. Honela, zaharraren eta berriaren arteko mugak malgutzen ditu artistak, gorputza eta zentzumenak abiapuntu izanik, barne hausnarketarako bidea zehaztuz.