Literatura. 'Txikiaren handitasuna literaturan'

Literaturaz idaztea

Idazlea: Mariasun Landa. Argitaletxea: Erein.

PERU IPARRAGIRRE
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ez da ezohikoa liburu bat ala bestea oharkabean pasa dela entzutea edo esatea, hori dela-eta kexu izatea. Egia da liburu ia guztiekin jazotzen dela ez zaiela merezi duten arreta eskaintzen: gutxiegi batzuei, gehiegi besteei, agian. Itxuragabe baldintzaturiko kontua da argitaratzen diren literatur lanez aritzea. Joan den urteko azken hilabeteetan argitaratu zuen Mariasun Landak Txikiaren handitasuna literaturan (Erein, 2018) liburua.

Sintomatikoa iruditu zait —nigandik hasita— liburu hau oharkabean pasa izana. Aipatu baldintzatze horren ondorioa da, ezbairik gabe: Mariasun Landa Haur eta Gazte Literaturarekin ezinbestean lotzen dugu, zeina, Landak ongi dioen gisan, txikitzat hartua den eta, ondorioz, ezikusia egiteko joera orokortua baita bere burua seriotzat duen edozein azterketatan eta abar. Kanonetik kanpo, edo kanonaren baitan bazterrean utzi ohi da Haur eta Gazte Literatura etiketa jartzen zaiona, hau lantzen duena. Nahiz eta, eta liburuak lantzen duen auzietako bat hau denez, literaturari etiketak jartzeak ez dion literaturari ezer gehitzen.

Artikulu, ponentzia, eta antzeko testuen bilduma bat da Txikiaren handitasuna literaturan, hitzaurrea barne hogeita bi testuk osatua. Landak bere ibilbideari buruz egindako hausnarketak topatuko ditu bertan irakurleak, ibilbide honen testuingurua azaltzeko balio duten azterketekin batera. Horrela, Landak bere hainbat libururen jatorriaren eta izatearen gaineko argibideak ematen ditu batzuetan, eta baita urrunago doazen testuak ere, genero zapalkuntzak literaturan hartzen dituen dimentsioak eta honek dakartzan ondorioei buruzkoak, Haur eta Gazte Literaturan umoreak duen tokiaz diharduena, eta Zientzia eta literaturaren mugen arteko espazioak hitzaldia, kasu. Hala eta guztiz ere, ale guztietan topa daiteke literatura idaztearekin eta literatura irakurtzearekin, orokorrean zerikusia duten gogoetak.

Interesgarriak izaten dira —halakoak interesatzen zaizkien irakurleentzat, bederen— idazleek haien ibilbideaz, haien idazlanez egiten dituzten hausnarketak biltzen dituzten liburuak. Are, dagoeneko ibilbide oparo eta aitortua duten idazleen kasuan ohikoak dira oso halako bildumak. Landak Haur eta Gazte Literaturaz esaten dituenak, idazteaz eta irakurtzeaz esaten dituenak, orokorrean literaturaz esaten dituenak kontuan hartzekoak direla iruditu zait, gurean ez baita sobera argitaratzen halako libururik, aipatu bezala, beste literaturetan ohikoak direnak. Literatura kezka duenarentzat aproposa izan daiteke liburu hau, are gehiago Haur eta Gazte Literaturaz eta, baita, zehatzago, literaturaren irakaskuntzaz jakin-minik duen edonorentzat.

Han eta hemen plazaratutako testuak liburu batean biltzea ez da alfer-lana, eta jakingura duen irakurleak eskertuko du —nik neuk, behintzat, eskertu dut—. Batek, irakurle den heinean gai hauen guztien inguruan izan ditzakeen intuizioak berresten ditu batzuetan Landak, baina baita hainbat auzi planteatzen ere, gogoetagai izatea merezi dutenak. Hori guztia, noski, istorioak osatzeko eta harilkatzeko duen maisutasunez emana. Ezer baino gehiago, liburu honek azpimarratzen du zein garrantzitsua den literaturgintzan txikitzat jotzen dugun horri ere arretaz behatzea, bertan topa baitaiteke literaturaren handitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.