Egilea: Virginia Woolf.
Itzultzailea: Maria Colera Intxausti.
Argitaratzailea: Consonni.
Ez da euskarara Virginia Woolfen obra asko ekarri. Orain arte badugu Farorantz (1997an), eta laster argitaratuko dute Dalloway anderea. Gela bat norberarena Virginia Woolfen saiakera ezagunena da: 1928an hitzaldi pare bat eman zuen Cambridgen Emakumeak eta literatura gaiari buruz, eta hurrengo urtean saiakera gisa atera zuen. Consonni etxeak argitaratu berri du, edizio zaindu eta finean.
Julio Cortazarrek erakutsi zigunez, literatura konprometituak funtzionatuko badu, maila goreneko literatura behar du izan. Horixe da liburu honek agerian uzten duena: maila altuko literatura da, eta horregatik irauten du. Izan ere, testuaren literaturtasuna nabaria da, lehen atalean (sei ditu orotara) adibidez. Saiakera tonurik ere apenas duen atal horrek: narrazioa da nagusi, eta duen jario poetikoari eta idazleak baliatzen dituen narrazio teknikei esker pasarte bikaina da.
Narratzaileak travelling bat proposatzen digu, zinematografikotik dezente duena, eta bere mugimenduarekin batera giro ezberdinak erakutsi eta aldi berean bere gogoetak isurtzen ditu. Esan daiteke narratzaileak dibagatu egiten duela (Rousseauk Rêveries hartan bezalaxe), eta dibagazio horretan bere pentsamenduaren ibilbideak zentzurik ez duelako itxura egin arren, apurka aurkezten ditu gaiari buruzko bere iritzia eta argudioak. Digresioaren eta kritikaren arteko oreka zailean mantentzen da testua. Horregatik, digresioen oparotasunak harritu egingo du saiakera soila espero duen irakurlea eta panfletoaren bila doana nekatu (Woolfen edozein obrak bezala, bestalde), giroa abandonatu gabe, kontakizunaren plazer hutsez ari dela irudi bailuke hainbat pasartetan, bereziki hasieran.
Hizkuntza literario joria da Woolfena. Ongi zaindutako ironia punttak ditu, une zorrotzenetan ia sarkasmora iritsiz, eta umore printzarik ere ez zaio falta, egoeraz nahiz bere buruaz ari denean.
Gai zentralaz gain (emakumeak eta literatura) beste hainbat ere ukitzen ditu saiakerak: poesia garaikidea, Erromantizismoa eta Modernismoa, Lehen Mundu Gerra, klase altuen diruzaletasuna («zibilizazio gabeziaren fruitu»)... Bereziki aipagarria da Woolfek idazkera femeninoa definitzeko egiten duen ahalegina. Idazleari asko interesatu zitzaion gaia da hori, eta emakumeen idazkerari buruzko bere planteamendua interesgarria da oraindik (feminismoaren hirugarren olatua-ren ondoren kontua beste modu batera aztertzen dela jakinik ere).
Gai nagusia dela eta, Woolfen arabera hiru osagai ezinbesteko daude emakumeen literatura baldintzatzen dutenak: gela bat norberarena, bostehun libera urtean eta ehun urte pasatzea.
Norberaren gela eta dirua autonomia izateko faktore ezinbesteak dira, Woolfen iritziz artista izatea gauza fisikoei lotua baitago: «Askatasun intelektuala gauza materialen mende dago, eta poesia, berriz, askatasun intelektualaren mende» (134. or.). Kontua da espazio nagusiak (ikasketak, lan mundua, diru sarrera edota erabakitzeko eskubidea) emakumeari historikoki betatuak izan zaizkiola, gizarte patriarkalean guztiak egon direlako gizonaren esku, eta horiek konkistatzea ezinbestekoa dela idaztea ahalbidetzen duen autonomia eskuratzeko.
Azkenik, espazio propioez eta diruaz gain, hirugarren osagaia ehun urte pasatzea da. Virginia Woolfek, bere garaiko ideologia kritikatuz, honela idazten du: «[emakumeek ehun urte barru] logikoki, iraganean galaraziak izan zituzten jarduera eta jardun guztietan hartuko dute parte»(58. or.). Urri honetan beteko dira laurogeita lau urte A Room of One's Own argitaratu zenetik...
Literatura. 'GELA BAT NORBERARENA'
Literatura eta emakumeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu