Haur eta gazte literatura. 'BASOKO LOTI EDERRA'

Liburu irudidunak

2013ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Idazlea: Elodie Fondacci.

Ilustratzailea: Eric Puybaret. Itzultzailea: Joxe Antonio Sarasola.

Argitaletxea: Ibaizabal.

Aspaldion sekulako liburu ederrak argitaratzen dihardu Ibaizabal argitaletxeak. Ederrak diot, tamaina eta irudiengatik.

Esaterako, Basoko loti eder hau 32 orrialdeko 28x29 cm-dun eta azal gogorreko liburu irudiduna da, zehazki hamasei irudi erraldoi dituena, gehienak metro erdi baino luzeagoak.

Bertan, Perraulten testuari fidel jarraitzen dion bertsioa daukagu, nahiz eta moldatzaileak —Elodie Fondaccik— narratzaile hitzontzi bat eraiki duen, irakurlearen desesperaziorako (nola liteke hau egitea bere aurkezpen fitxan ipuinak irrati bidez irakurtzea bere jarduera gogokoena eta espezialitatea dela dioen norbaitek?). Irakurlea haurra bada ere, ipuin hau hautatzekotan gogoan izan behar dugu haurtzarotik nerabezarorako trantsizioaz hitz egiten duela.

Baina ez da hau Ibaizabalek argitaratutako liburu irudidun bakarra. Kroko pertsonaiarekin bi liburu berri eskaintzen dituzte. Batean, musika tresnak agertzen zaizkigu, hegal mugikorrekin. Bigarrenean, Kroko mozorrotzeko gonbita luzatzen zaigu, mozorroen konbinaketa egiteko aukerarekin, sei irudietako bakoitza hiru zerrendatan trokelatuta baitago.

Era berean, Surikata taldearen bi ale argitaratu dituzte, zenbakiekin bata, aurkakoekin bestea. Pertsonaia berriak dira surikatak argitaletxe honetan, tamaina ertaineko formatuan emanak, hegal mugikorrekin eta irudi koloretsuetan. Krokorekin batera, 2 bat urtetik aurrerako irakurleentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.